GARA > Idatzia > Mundua

Sudanen bizi diren hegosudandarrak aberriratzeari ekin dio Khartumek

IOM Migrazioen Nazioarteko Erakundeak Sudanen bizi diren Hego Sudango 15.000 herritarrak aberriratzeko planari ekin dio, lehen taldeak Khartumgo aireportutik Jubara garraiatuz. Hegaldiak atzerapenekin hasi ziren eta, horrela jarraituz gero, bi astez beharko lituzkete.

GARA | KHARTUM

Sudanen errefuxiaturik Kostiko portuan bizi diren 350.000 hegosudandarretatik 15.000 aberriratzeari ekin zioten atzo, lehen taldearen hegoalderanzko hegaldiarekin.

Hegazkina, OIM Migrazioen Nazioarteko Erakundeak alokatutakoa, Khartumdik Jubara abiatu zen 160 bidaiarirekin. Bigarren hegaldia arratsaldez egin zuten.

Lehen hegaldia igandean izatekoa bazen ere, bisarekin izandako arazo batzuen ondorioz atzeratu egin zen. Guztira, 400 errefuxiatu inguru joan ziren larunbatean aireportura autobusez.

OIMen ebakuazio planak eguneko sei hegaldi aurreikusten zituen, baina atzerapenaren ondorioz ezinezkoa izan zen. Gainerako egunetan ere atzerapenak gertatuz gero, bi aste beharko dituzte errefuxiatu guztiak aberriratzeko.

Hegosudandarrak Kostiko portuan bizi dira duela hilabete batzuetatik, egoera oso prekarioan. Ibai-gabarretan hegoaldera joateko zain zeuden bertan, baina otsailean Khartumgo Gobernuak aukera hori ukatu zien.

Sudanentzat mehatxua zirelakoan, tokiko agintariek maiatzaren 5a baino lehen -ondoren maiatzaren 20ra luzatu zuten- euren bizilekuak uzteko agindu zieten. Nazio Batuen Erakundearen eta OIMen kezka eragin zuen horrek eta ebakuazio plana iragarri zuten.

OIMek jada 23.000 hegosudandarren aberriratzea ziurtatu zuen uztailaren 2011ra bitarte.

Aberriratze plana Hego Sudanek independentzia eskuratu zuenez geroztik bi herrialdeen arteko tentsioa maila gorenean denean ailegatu da. Apirilean gatazka odoltsua izan zuten, mugen eta petrolioaren inguruko desadostasunak zituztela-eta, hain zuzen.

kaleratzeak

Hego Sudangoak ziren funtzionario guztiak kaleratu zituen Sudanek, 2011ko uztailean lehenak independentzia eskuratu aurretik. Ordundik, erabaki honen ondorioz, Sudanen dauden hegosudandarrak oso egoera kaskarrean bizi izan dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo