Gasteizko Parlamentuak eta, batez ere, euskal gizarteak Garoña behin betiko ixtea nahi dute
Argudio ugari daude Garoñako zentral nuklearraren jarduera luzatzearen aurka. Argudio ugari energia nuklearraren aurka; esate baterako, erabateko segurtasuna bermatzerik ez dagoela edo etekinak esku pribatuetara doazela. Eta badago horiek guztiak biltzen dituen beste argudio bat: herritarren nahia. Fukushimako hondamendiak areagotu egin ditu argudio horiek. Hala ere, Japoniak bere azken erreaktore nuklearra itzali duenean, Alemaniak energia mota hori baztertzea erabaki duenean, Madrilgo Gobernuak Garoña ixteko agindua baliogabetzeko asmoa du, zentralaren jarduera beste sei urtez luzatzeko. Asmo horren aurka agertu zen atzo Gasteizko Parlamentua. PPk eta UPDk baino ez zuten Parlamentuaren eskaeraren aukako botoa eman, boto hori euskal gizartearen borondate argiaren aurkakoa dela jakitun, noski, baina Madrilen hartutako erabakiei men eginda. Gogorarazi beharra dago, nolanahi ere, 2009an PSOEk zentrala aurreikusitako epean itxiko zuela agindu bazuen ere, 2013 arte luzatu zuela haren jarduera. Zoritxarrez, gizartearen interesak defendatzeko betebeharra omen dutenek interes horiek eta gizartearen borondatea mespretxatzea ohikoa, ohikoegia da.