GARA > Idatzia > Kultura

Espazioa eta gorputza artearen bidez elkartuko dira Bilboko Alondegian

GARA | BILBO

Dantza garaikideak, performance-ek eta instalazio artistikoek osatuko dute «Espazioa & Gorputza», Bilboko Alondegiko Arte Bizien Programako hirugarren monografikoa. 15 proposamen -bi tailer, lau instalazio artistiko, bi dantza pieza, bost performance, dokumentazio zikloa eta erakusketa bat- izango dira bihar arte eta gorputzaren eta espazioaren arteko harremana aztertzea izango dute helburu.

Alondegiko arduradunek adierazi zutenez, Mateo Feijoo komisario izan duen monografiko honek espazioan eta gorputz fisikoan zeharreko ibilbidea proposatzen du, «biak elkarrekin elkarrizketan, aurrez aurre euskarri eta ikuspegi ezberdinetatik». «Gorputzak beti ibilbide bat ematen digu aditzera, espazioan eta denboran eginiko ibilbidea, alegia», esan zuen Mateo Feijook. «Gorputzak era bateko edo besteko informazioa ematen du, kokatuta dagoen espazioaren arabera».

Parte hartuko duten artisten artean daude Andre Gingras, Marco Canevacci, Marco Barotti, Teatro Utero, Bridge Markland, Muelle 3, Blanca Ortiga, Martin Padron eta Apostolia Papadamaki.

Gaur, esaterako, Marco Canevacci alemaniarrak soinu instalazio bat egingo du 19.30etik aurrera, eta 19.00etatik 21.00etara, berriz, «The big medusa» eskultura mugikorra ere bertan ibiliko da. Bestalde, «Alemaniako antzerki-dantzako 30 urte» erakusketa ere ikusgai izango da hilaren 20ra bitartean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo