GARA > Idatzia > Kultura

Hiru eguneko Musikaren Eguna ospatuko dute gaurtik igandera Urdiñarben

GARA | URDIÑARBE

23. Musikaren Eguna ospatuko dute Urdiñarben gaur hasi eta igandera bitartean. Hiru egunez, Bil Xokua elkarteak kontzertuak, erakusketak eta antzerki emanaldiak antolatuko ditu, euskal kulturaren eta munduko beste herrien arteko trukeak garatzeko asmoz. Hiru eguneko Musikaren Eguna izango da, beraz.

Gaur arratsarekin, Xistera ostatuan, Xiberrotarrak taldeak emanaldia eskainiko du, argitaratu berri duen diskoa aurkeztuz. Ondoren, Kauter Sinfoniaren musika izango da gaua amaitzeko.

Bihar, berriz, 19.00etan ekingo zaio pintxo-poteoari, musikaz alaiturik, noski. Horretaz arduratuko diren taldeak Oilarrak eta Ezpela izango dira. 21.00etan Les-Kag-en emanaldia izango da, eta Xutik taldeak itxiko du gaua.

Igandea izango da egun nagusia eta goizetik hasiko dira musikarekin loturiko ekintzak. 10.30ean, Xiba euskal jokoen lehiaketa egingo dute, Euskal Herriko hamar bat talderekin.

Horren ondotik, sega eta aizkolari desafioak izango dira Ipar eta Hego Euskal Herriko lehiakideen artean. 11.30ean, Trobogoi ikusgarria izango da eta bertso saioa, 12.00etan. 12.30ean «bilxokokoktela» egingo dute Ezpela taldearekin eta 13.00etan axuriki bazkaria zerbitzatuko dute Ikastolek.

Bazkariaren ondotik hasiko dira kontzertuak eta, iragarri dutenez, Les Barbeaux, R.I.C., Ezpela, Gatibu eta Buuzbu arituko dira 23. edizio honi amaiera emateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo