GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

ARGIA | Ainhoa Larrañaga

Elkarbizitza norekin eta norentzat?

Lehen eskuko informaziorik ez daukagunontzat eta ikusle soil garenontzat, kosta egiten da Eusko Legebiltzarrean sortu den batzorde berriaren izaera eta helburuak ulertzea. Bakea eta elkarbizitza termino potoloak hartu dituzte euren zereginaren oinarri. Baina gatazka iturri eta zirko mediatiko antzu bilakatu da askorentzat.

Bizi dugun egoera politikoan, bakea eta elkarbizitzarako eragileetako bati, bigarren mailako parte-hartzea eskaintzen bazaio, logikoa da gonbidapena ez onartzea

Notizia ez da batzordearen sorrera, Aralarreko hiru legebiltzarkideek, batzordearen aldeko bozka emateaz gain, ekimenaren lidergoa hartzea eta Legebiltzarreko hainbat alderditako buruzagiren zorion eta txaloak jasotzea baizik. Legeak eskaintzen duen aukera baliatu dezakete eta karguari eusteko eskubide eta askatasun osoa daukate, eta horrek, galdera baten aurrean kokatzen gaitu: ordezkari politikoak herriari ala alderdiari zor zaizkio? Euren jokabidearen argudio izan dira kontzientzia eta koherentzia politikoa. Nik neuk nekez ulertu nezake hirukotearen jarrera: Lehenengo, batzordeak fruitu emankorrik nekez emango duelako; bigarrenik, Aralarreko afiliatuek demokratikoki aukeratutako zuzendaritzaren aginduari entzungor egin diotelako; eta azkenik, herri honetako benetako arazoak ezkutatzeko laino geruza sortzea besterik lortuko ez duelako.

Badirudi, legez kanporatutako ezker abertzaleak idatziz soilik izango duela batzordean parte hartzeko aukera. Bizi dugun egoera politikoan, bakea eta elkarbizitzarako eragileetako bati, bigarren mailako parte-hartzea eskaintzen bazaio, logikoa da gonbidapena ez onartzea. PPren betoa izango duen batzordean ezker abertzaleak parte-hartu nahi ez izatea logikoa da edozein ikuspegitatik. Zertarako eta norentzako balioko du orduan, batzorde honek?

(...) Egoera politikoak aurrerabide argirik gabe jarraitzen duenean, batzorde honek, anestesia funtzioa beteko du, futbolak, Borboiaren elefanteak eta Urdangarinen iruzurrak bezala.

Joseba Sarrionandiaren baimenarekin: Galduak gara behelaino artean?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo