GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

J. Ortuñez | Errepresaliatua

«OK korral»

 

Espainiar Gobernuak temati jarraitzen du espetxe gaiarekin, eta gauzak errotik hartu beharrean, hor dabilkigu gupidagabeki bere eremuko kontu zahar-berriekin: dela damua, dela salaketa, dela Nanclares delako bidea, dela berriki ezagutzera eman duen «plana»... espainiar agintariek beren itsukeria ez omen dute bihar bertan gainditzeko asmorik.

Mugitu egin direla diote. Mugitu baino, denon artean (nazioarteak, Euskal Herriak, presoen Kolektiboak berak...) mugiarazi ditugula nabarmenduko nuke. Bestalde, norantz mugitu da? Antza denez, Gobernuaren posizioa indartu, eta hainbat bide ixtera dator. 197/06 doktrinarekin harturiko ebazpena eta Kolektiboarentzat espresuki diseinatutako azken «plana», horren lekuko.

Lehen aldia da euskal presoen aurka salbuespen neurriak erabili eta hauen aplikazioa Kolektibo osoari zuzendu izana onartu dutela, urte luzez Gobernuek ukatu dutena. Halere, EPPK-k berritan ezagutzera emandako agirian ohartarazi duenez, planak ez dio erantzuten euskal gizartearen gehiengo zabalak eskatzen duenari; eta argi utzi du, besteak beste, damua eta salaketa oinarri duen edozein plan hilda jaioko dela aldez aurretik.

Guztiz ulergarria. Presoak bahitu gisa hartu eta txanpon bezala erabiltzen saiatzen den neurri, bide edota plangintza oro porrot egitera kondenatuta dagoela pentsa daiteke. Izan ere, edozein pertsonaren (eta are presoren) eskubideak baldintzatzea onartezina baita.

Kolektiboaren irmotasun eta buru argi hau ikusirik, ez nintzateke harrituko gobernuak hasiko balira banan-banango posizioa ikertzen espetxez espetxe, euskal presoek erakutsitako jokaera kolektiboari ziria sartu nahian, zatiketaren bila. Aldiz, Kolektiboa urratsak egiteko prest agertu da, eta hau gauzatu ahal izateko, esan beharrik ez dago, gobernuek salbuespeneko neurriak altxa beharko dituzte. Tamalez, espainolen prozedura [«...lehenen- go disolbatzea, eta ondoren legea»] zeharo bitxia suertatzen zait. Adierazgarria ez ezik, argigarria ere bada, inoiz baino argiroago uzten duelako euskaldunok legez kanpo bizi garela.

Prozedurari berari dagokionez, Gobernuaren nahia ez zait iruditzen azkarra denik. Konparaketarik ez zela egin behar, ahobero ibili den hainbat politikari kontraesankor agertzen zait orain, Italia edo Alemania aipatzerakoan. Ezen Euskal Herriak bere prozesu, ibilbide eta konponbide eredu propioa eratu beharko baitu. Hortaz, azken egunotan entzundako konparaketen helburua agerikoa da: ETArekin hitz egin ere nahi ez dutenez gero, presoei xantaia egin nahian dabilzkie, balizko aukera hori ekiditeko. Hobe lukete gobernuek, berriki ETAk luzatu dien eskua har- tuko balute eta gatazkaren konponbideari ekingo baliote, presoen egoeraren konponbidea gatazkarenari loturik baitago.

Alabaina, Estatu mailako gobernuak ez dira honelako jukutrietan murgiltzen diren bakarrak, eta horra hor Loza, espetxe egoeraren ardura ezker abertzaleari egotziz, denok dakigunean -eta ongizko gainera- euskal presoen egoeraren erantzukizuna egoera hori erabaki, diseinatu eta indarrean jarri zuenarena baino ez dela. Hots, gobernuena eta neurri errepresibo guztiok ahalbidetu zituzten gobernuen bidelagunena (norbaitek ahaztu al ditu, akaso, «euskal presoen aurka- ko politika giza-eskubideekin bat datorrela» zioten esanak?)

Gisa horretako karguak izendatzerakoan, gatazkaren izaera politikoa desitxuratu nahi dute. Batzuk, Nafarroako Gobernua kasu, urrunago joanaz, euskal kutsuarekin dituzten fobia guztiak mahai gaineratzen ari dira. Nik, berriz, itxaropenak eta nahiak jarriko nituzke mahai gainean: salbuespen neurriak altxa ditzatela, mintzakideengana jo dezatela, presoen egoera goitik behera iraul dezatela, elkarrizketaren bidea har dezatela. Hauxe eskatzen du Kolektiboak. Hauxe eskatzen du Herriak. Hauxe eskatzen dut, hemendik, neuk ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo