GARA > Idatzia > Kultura

MUNDUMIRA ESKORIATZAN ETA LEINTZ GATZAGAN

Munduko kultura, usain eta koloreen koktela, zentzumen guztiak pizteko

Euskal Herria» aldizkariak, Debagoieneko Mankomunitateak eta Ginmusikak antolatutako zortzigarren Mundumira ospatzen ari dira asteburuan. Aurtengo edizioan, gainera, bi agertokitan: Leintz Gatzagan eta Eskoriatzan. Eguraldiaren eraginez jende gutxiago hurbildu arren, hodei grisek ez dituzte munduko kulturen festaren koloreak itzali.

p042_f02.jpg

Maider IANTZI

Eskoriatzako kaleetan barneratu orduko hasi ginen usain goxoak sumatzen: lehendabizi Argentinako parrillan erretzen ari ziren txorizo, hanburgesa eta lukainkena, ondotik Alemaniako eserleku eta mahai luzedun tabernan saltsa desberdinekin bustitzen ari ziren saltxitxena. Egurrezko labeko pizzak ere baziren, kantina mexikarra, eta teteria bere mahai txikiekin. Krepak, txorizo ekologikoa brasan, falafel, kebab, kus-kus eta oilasko pintxoak, baita Goierriko taloak ere, Segurakoak. Sekulako besta sudurrentzat... eta mingainentzat.

Brasilgo musika aditzen zen plazatik, Gafieira Miuda, dantza-orkestra batek jotako sanba estiloa, eta euri tantak lainoetatik lotsati jaisten hasi ziren modu berean hasi ziren hankak ere mugitzen, gero eta askeago.

Iñaki Rekalde «Euskal Herria» aldizkariko antolatzaileetako batek adierazi zigun kontent direla, pixkanaka jaialdia udaberriko agendan ongi egonkortu delako, bere pisua edo lekua hartu duelako. «Orain hiru urte, Macacorekin 8.000 lagun bildu genituen kontzertu batean. Etortzen diren artisten arabera eta eguraldiaren arabera aldatu egiten da bisitari kopurua. Nola neurtu arrakasta? Zenbat jende etortzen den kontuan izanda? Gu ez goaz horren atzetik, jende kopuru baten atzetik. Gure helburua Euskal Herri osoan ditugun harpidedunei eta lagunei elkargune bat ipintzea da. Eta euskal kultura aldarrikatzeaz gain, munduko beste kulturen aniztasuna azaltzea».

Asteburu honekin, jada Debagoieneko herri guztiak igaro ditu Mundumirak. Berez, Leintz Gatzagari tokatzen zitzaion, baina txikia denez, Eskoriatzari eskatu zioten laguntza. Eta behin herri guztietan izanda, heldu den urtean zer? Ziklo berri bat hasiko dutela jakinarazi zuen Rekaldek. «Orain dela zortzi urte Arrasaten hasi ginen eta hara itzultzea izango litzateke logikoa, baina oraindik erabaki gabe dugu. Dena ondo badoa eta Mankomunitatearekin eta Ginmusikarekin dugun akordioarekin aurrera egiten badugu, jarraitu egingo dugu».

Ekoferia eta umeen gunea

Zortzigarren edizio hau «nahiko ondo» zihoala azaldu zuen antolatzaileak. Nobedadeen artean, Leintz Gatzagan irekitako ekoferia nabarmendu zuen (gaur goizean ere izanen da bisitatzeko aukera, 11.00etatik 14.00etara). Bertan erakusketak, hitzaldiak, dastaketa eta anitzez gauza gehiago eskaintzen dituzte. Slow Food mugimendua ere aurkezten dute, irabazi asmorik gabeko nazioarteko eko-gastronomia elkartea.

«Bizimodu azkarrak gure elikaduran dituen ondorio latzei aurre egiteko» sortu zen mugimendu hau 1989an, eta gaur egun mundu osoan zabaldua dago dugun elikagai ekoizpen logika aldatzeko sarea.

Umeentzako gunea ere badago Leintzen. Iaz hasi ziren Irrien Lagunen Klubarekin elkarlanean eta sendotu egin dute haurrentzako gunea, eskaintza «potoloa» osatu arte. Errate baterako, «Irrien lagunekin kanta eta dantza» lau antzezlek osatutako ikuskizunaz gozatu daiteke. Haurrei Largabista, Martinber, Tiritatxo eta Marikalanbrerekin ongi pasatzeko aukera ematen diete hainbat osagai nahasiz: pailazoen kantuak, dantzak, antzerkia, bertsoa, magia, eta, jakina, irria. Haur eta gurasoak dantzatzera eta kantatzera gonbidatzen dituzte.

Eskoriatzako kaleetan kolore eta forma guztietako postuak nahasten ziren. Bakoitzak bere jaki, jantzi eta bitxiak ekartzeaz gain, gunea ere bere erara apaindua zuen, eta hala, kolorez betetako mosaiko polita osatzen zuten denen artean.

Arreta eman zigun Idoia Amunarriz hondarribiarraren mahaiak. Kristalezko bitxiak saltzen zituelakoan hurbildu ginen, baina hala argitzen zuen ohar batean: «Ez da esmaltea, ez da kristala, ezta zeramika ere. Guztiak birziklatutako CDak erabiliz eginak dira». Amunarrizek kontatu zigunez, bazekien zerbait egin zitekeela erabilitako diskoekin, deus ez gastatzen saiatuz, eta ikertzeari ekin zion. «Belarritakoekin hasi nintzen eta orain eraztunak, paparrekoak eta eskumuturrekoak ditut. Eskoletara joaten naiz CD bila eta batzuek gorde egiten dizkidate. Elkarteetan ere biltzen ditut». Webgunea irekitzera ere animatu da artisaua (Idoiamusa.com). Bertan, arrain ugari aurkituko du bisitariak, panpina formako paparreko politak, eta batez ere, kolorea.

Elastiko solidarioa, haiman

Postuen artean, bazen haima bat, eta barrenean bi neska Mundumirako elastikoak saltzen. Ternuarekin diseinatutako elkartasun kamiseta hauekin Debagoieneko gobernuz kanpoko erakundeen kooperazio jarduerei laguntzen diete urtero. Aurtengo kamisetarekin, hiru erakunderi lagunduko diete: Arrasateko Amsograri eta AMSri eta Oñatiko 7 Udaberriri.

Amsogra Nikaraguako Mozonteko V. sektoreko choroteka indigenen herrialdearentzako etxebizitza duinak eta osasungarriak lortzeko ari da lanean. AMS ere herrialde berean, Carazoko Diriamban, ezintasunak dituzten gazteen integrazioa eta irisgarritasuna lantzen. Eta 7 Udaberriren zeregina gizartearen eraldaketaren alde eta emakume indigenen eskubideen alde lan egiten duten emakumeei laguntzea da, Guatemalako Puente de Pazeko Organización de mujeres en Resistencia de la Comunidad Primaverari eta Ixcaneko Emakumeen Elkarteen Sareari.

Elkartasuna da jaialdi honen zutabeetako bat eta elkartasunez beteta zeuden kaleak. Iurre eta bere lagun taldeak Chiapasi laguntzeko postu bat zuten. «Aurten zubi bat egitea pentsatua dugu, ibaia zabala baita eta arriskutsua umeentzat», azaldu zigun. Hemezortzi urte daramatza laguntzen eta, postuan zintzilik zituen poltsa eder batzuk seinalatuz, azpimarratu zuen emaitzak ikusteko denbora luzea behar dela. Poltsa horiek Chiapasekoek josiak dira.

Natura, mendia eta kontzertuak ere garrantzitsuak dira Mundumiran (atzo ibilaldia egin zuten Eskoriatzatik Leintz Gatzagara, Bolibar, Atxorrotz, Makatzgain eta Urdingainen barna, eta BTT zeharkaldia). Eta, nola ez, festa. Gauean Kataluniako La Pegatina eta Euskal Herriko Esne Beltza taldeek jo zuten, erritmo koktelera hutsa. Gaur jarraituko du jaiak, bertze hainbat ekitaldirekin, eta bukaera emateko, Bizardunak taldeak irlandar folka eta nafar estatuaren aldeko aldarrikapena lotuko ditu eman ohi dituen zuzeneko gordin, polemiko eta hedonista horietako batean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo