GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

eskalada Yosemite

Eskalada libreko maratoia ziztu bizian Yosemiteko 3 paretetan

Tommy Caldwell eta Alex Honnold estatubatuarrek Mt. Watkinseko hego pareta, Kapitaineko «Free rider» bidea eta Half Domeko «Regular» marra eskalatzeko 21 ordu eta 15 minutu behar izan dituzte.

p049_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Ameriketako Estatu Batuetako eskalatzaileei asko gustatzen zaie abiadura arloko erronkak egitea. Kultura hori oso barneratuta dute, eta horren isla dugu Yosemiteko hormatzar ezberdinetan indarrean duten espezialitate hori.

Beste behin horietako baten berri eman behar dizuegu. Tommy Caldwell eta Alex Honnoldek osatutako sokadak kateatze oso azkar bat sinatu berri dute. Bailarako hiru hormatzar edo hiru bide hautatu zituzten: Mt. Watkinseko hego aurpegia, Kapitaineko «Free rider» bidea eta Half Domeko «Regular» marra. Bada, eskalatzaileok hiru bide horiek 21 ordu eta 15 minutuan poltsikoratu dituzte. Eta, gainera, azpimarratzekoa da hirurak ala hirurak era askean eskalatu zituztela. Guztira, 70 luze eta 7c+ zailtasuna gehienez.

Hilaren 18an ekin zioten erronkari. Arratsaldeko bostak izateko 15 minutu falta zirela kronoa martxan jarri zuten. Lehenik eta behin, Mt. Watkinseko hego paretaren 19 luzeak eskalatu zituzten. Berez, marra horrek dituen luze gehienak 6a+/b gradukoak dira, baina beste bost gogorrak dira: pare bat 7c+ zailtasunekoak eta beste hiru 7b-koak. Estatubatuarren sokadak 2 ordu eta 40 minutu behar izan zituen marra hori eskalatzeko. Eta biek ala biek ez zuten erorikorik izan eta dena era librean eskalatu zuten.

Eraginkortasuna

Aipatutako marra poltsikoratu ondoren, ordubeteko jaitsiera egin zuten. Caldwellen emaztea zain zuten, eta pixka bat jan ondoren, autoz hurbildu ziren Kapitainera.

Ondoren, hormatzar horretan era librean eskalatzeko dagoen bide oso egoki bat hautatu zuten: «Free rider». Guztira, 37 luze ditu, eta 7c/c+ graduko luzeren bat edo beste. Gauez hasi ziren eskalatzen (22.45ean) eta goizaldeko bostetan gailurrera iritsi ziren. 6 ordu eta 15 minutu, marra hori sinatu ahal izateko.

Aurreko bidean ez bezala, Caldwellek pare bat eroriko izan zituen luze gogorrenean eta 6c-ko beste batean. Alabaina, berriro errepikatu zituen baita kateatu ere. Honnold, berriz, erabat eraginkorra izan zen.

Ohiko bidetik jaitsi, beste anoa-puntu bat zain zuten eta berriro ere autoa hartu zuten Half Domera abiatzeko. Goizeko bederatzietan «Regular» bidean sartu ziren. Aurretik, 24 luze eta gehienez 7b-ko zailtasunak zituzten. Bost ordu eskalatzen igaro ondoren, arratsaldeko ordu bietan erronka amaitu zuten. Biek ala biek ez zuten huts egin, eta marra osoa era askean kateatzea erdietsi zuten.

Beste eskalatzaile batzuek hiru pareta horiek egin dituzte, baina, esan bezala, azkarrenak (eta guztiak era librean) Caldwell eta Honnold izan dira. 70 luze 21 ordu eta 15 minutuan.

Erronkaren amaieran, Caldwellek aitortu du ederra izan dela oso: «Primeran pasa dugu. Gainera, luze zailenetan biok ala biok sokaburu izan gara». Ez omen ziren asko «nekatu»; izan ere, biharamunean Honnoldek eskalatu zuen.

erronka

Tommy Caldwellek eta Alex Honnoldek Mt. Watkins, Kapitain eta Half Domeko hiru bide 21 ordu eta 15 minutuan eskalatu dituzte. 70 luzeak (gehienez 7c+ gradua) era librean sinatu dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo