Surfa eta musikak, surflariek eta musikariek, harreman bizia dute. Orain dela 50 urte surf musika sortu zen eta oraindik bizirik dirau.
Udako doinuak Surfa eta musika eskutik helduta
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Uda gero eta gertuago dago, eguzkia, itsas kresala, olatuak, bainujantzia eta hondartzako festak. Berrogeita hamar urte lehenago bezala, surf musika ez da faltako itsasertzeko bozgorailuetan.
Gerria mugitu eta surf egitera gonbidatzen gaituen musika desagertu ez bada ere, ezinbestean musika mota desberdinak entzun daitezke egun surflariek antolatzen dituzten jaialdietan.
Surfa eta musika oso ongi uztartzen dira, baita surflariak eta musikariak ere.
Gauzak horrela, batzuek surf egiten duten musikariak dira, eta besteak berriz, musika egiten duten surflariak. Edonola ere, elkar elikatzen diren bi eremu dira, surfa eta musika.
Surf musika
Surf musika 60ko hamarkadaren hasieran jaio zen. Mende erdia pasatu da, baina abesti haiek oraindik arrakasta itzela izaten jarraitzen dute. The Bel Airs taldea da surf musikaren aitzindari nagusia. "Mr Moto" abestia surf egun baten ostean entzuteko abesti onena dela esan ohi zuten garai bateko surflariek.
Beranduago The Surfaris taldearen "Wipe Out" abestia etorri zen. Surflariak olatuan izan ohi duen ohiko erorketa deskribatzeko erabili ohi den esamoldea da. Burmuinean erraz sartu eta itsasoratzera gonbidatzen gaituzten abestiak dira.
1963an, Phil Edwardsek Pipelineko olatua lehen aldiz hartu zuenean sekulako eragina izan zuen. Bizkarka jaisten zuen olatu beldurgarri haren irudiek belaunaldi oso bat hunkitu zuten eta The Ventures taldeak bere omenalditxoa eskaini nahi izan zion aurrerantzean surflarientzako derrigorrezko helmuga bilakatuko zen olatu basati hari.
The Trashmen taldeak zoroentzako abesti bat kaleratu zuen, "Surfin' Bird". The Rivingtons taldearen bi abesti elkar nahastuta egin zuten abestia. 1963. urtean AEBetako abestien rankinean laugarren postua lortu zuen. Ordutik ehunka izan dira abesti honen bertsioa egin duten taldeak, tartean Ramones taldea. 2010ean Ingalaterrako kanta famatuen rankinean hirugarren postua lortu zuen.
Baina surfak garai hartan izan zuen enbaxadore edo ordezkari nagusia Brian Wilson izan zen, The Beach Boys taldeko abeslaria. “Surf's Up” eta “Surfin' Safari” abestiak dira ezagunenak, baina musika talde honek surfa hizpide hartuta egindako abestien zerrenda oso luzea da.
Dick Dale & His Del-Tones taldeak sortaldeko doinuak gehitu zizkion surf musikari, eta horrela jaio zen surf musikaren abesti ereserkia "Miserlou". Abesti hau “Pulp Fiction” filmean agertzen da.
1965ean arrakasta handia izan zuen beste abestia "California Dreamin" izan zen, The Mamas&The Papas taldeak argitaratutako abesti malenkoniatsua. Bertan negu hotz batean Kaliforniako eguzki goxoarekin amets egiten duen gizon baten istorioa kontatzen dute.
Jada hazia ereinda zegoen, eta pixkanaka gero eta fruitu gehiago eman zituen. Weezer taldearen "Surf Wax" abestia etorri zen, gero The Drums taldearen "Let's Go Surfing" abestia, antzeko abesti eta talde ugari sortu zen, pixkanaka indarra galdu eta rock&rollak surf mundua bereganatu zuen arte.
Let’s go Rock
Surf musikak belaunaldi oso bat surfaren eta musikaren kulturan hazi zuen AEBetan. Garaiak aldatu egin ziren, ordea, eta surf musikaren azken taupadek rock&rollari eman zioten bide.
Azken bi hamarkadetan asko izan dira surfean hasi diren rock izarrak. Gauzak horrela, munduan zehar egiten dituzten kontzertu birei esker, munduko olatu onenak dastatzeko aukera ere izan dute.
Kirk Hammett eta Robert Trujillo Metallicako gitarristak eta baxu-jotzaileak esaterako, surfa maite dute. Oholtza gainean ez daudenean olatu gainean egoten dira, Portugalen edo Marokon. Trujillok gainera, surf taula australiar baten merkaturatzean parte hartu du.
Chris Martin Colplay talde britainiarreko abeslari ohiak ere estilo paregabea du olatu gainean, baina surf saio batean izan zuen lesio baten ondorioz, kirol hau alde batera utzi behar izan zuen, denboraldi baterako behintzat.
Red Hot Chili Peppers taldeak ere harreman estua izan du surfarekin. Anthony Kiedis abeslaria eta Flea baxua surflari amorratuak dira, eta surfarekin zerikusia duten ekimen ugaritan parte hartu izan dute. Kiedis abeslaria gainera, “Point Break” (“Le llaman Bodhi”) filmean ikus dezakegu surflari gaiztoaren papera egiten. Keanu Reeves eta Patrick Swayzekin hondartzako dutxetan borrokan egiten agertzen da. Bera agertzen den azken eszenan tiro bat jasotzen du oin batean.
Surfa maite duen beste rockero famatua Pearl Jam taldeko abeslaria da, Eddie Vedder. Morroi honen kasua gainera, bitxia da; izan ere, Evanstonen jaio zen, Michigan lakuaren ondoan, alegia, ia olaturik ez duten ingurune batekoa da. Hala ere, munduko zoko guztietan izan da surf egiten.
Vedder Kelly Slaterren laguna da eta biak aritzen dira beren esperientziak elkar trukatzen. Batak gitarra nola jo eta besteak olatu gainean nola aritu elkarri erakusten diote. Vedderrek itsasoari eskainitako abesti famatu bat ere egin zuen, bere zaletasunaren adierazle, "Oceans".
Perry Farrell (Jane Addiction), Murphy Karges (Sugar Ray), Peter DiStefano (Porno for Pyros), Dean Butterworth (Morrissey), Boyd Brandon, Kenney Ben eta Mike Einziger (Incubus) dira beste adibide batzuk.
Surflari edo musikari?
Musika tresnaren bat jo, abestu edo musika talderen batean aritzen den surflarien zerrenda amaigabea da. Mundu mailan lehian aritzen diren edo aritu diren lehiakide musikarien zerrenda ere luzea da, baina alderantziz, surfean goi mailan aritzeko adina talentu duten musikarien zerrenda, ezinbestean oso laburra da.
Lehiaketa mailan inoiz izan diren bi surflari onenak Tom Curren eta Kelly Slater dira, ezbairik gabe. Biek maite dute musika, biak aritu izan dira jendaurrean abesten.
Lehiaketaz aparte, surf munduan oso ezagunak diren surflari-musikariak ere asko dira. Christian Fletcher surflari erradikalak esaterako, bere trash metal taldearen promozioa egiteko bera agertzen zen surf filmetako irudiak bere abestiekin laguntzen zituen. Surflari basati eta erradikalaren irudiari gorazarre egiten zion muturreko jarrera behin eta berriro argi erakutsiz.
Baina surflari ona izateaz gain, musikari gisa ere famatua den norbait aurkeztu beharko bagenu, dudarik gabe Donavon Frankenreiter edo Jack Johnson aipatu beharko genituzke.
Lehena, aspalditik AEBetan surflari gisa nahiz abeslari gisa oso famatua da. Surf dokumentaletan ere ikusi ahal izan dugu. “Sipping Jetstreams” filmean esaterako Japoniako olatuetan surf egiten ikus dezakegu.
Jack Johnson hawaiiarra berriz gurean ezaguna da, iaz Bilbon kontzertua eskaini baitzuen. Gazte zela, surflari profesionala izateko bidean zen. 17 urterekin Pipeline Masterseko finalean izan zen. Astebete beranduago, leku berean istripu bat izan zuen, kopeta ireki zuen eta zenbait hortz ere galdu zituen. Horrela, musikari surfari baino denbora gehiago eskaintzen hasi zen.
Eta, Justin Bieber edo Lady Gagak surf egiten al dute? Bai, baina ez dira rockeroak, pop zaleak baizik.