GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surflari ernegatua

Pipeline

 

Oraindik gainditu ez dudan nerabezaro hau hasi nuenean, alegia 15 urterekin, Erromoko taberna batean izan nintzen parrandan. Bozgorailuetan abesti indartsu bat jarri zuten eta lagunari galdetu nion ea hura zein talde zen. Lotsatu egin ninduen, taldea zarauztarra baitzen, nire herrikoa, eta nik ez nuen ezagutzen.  

Itzuleran, han eta hemen galdezka aritu nintzen eta nire etxepeko tabernan disko hura eskura nezakeela esan zidaten. Dirua biltzeari ekin nion eta behar nuen kopurua eskuratu nuenean ezkaratz ondoko tabernara zuzendu nintzen.

Batikano tabernan sartu nintzen. Larruzko jaka beltza eta aurpegi zurbilak zituzten zenbait morroi gurutzatu nituen, gehienak egun hilda daudenak. Futbolinean ari zirenek haiekin jolasteko ere galdegin zidaten, baina nik eginbehar garrantzitsu bat neukan, Anestesiaren diskoa erosi behar nuen.

Tabernariak diskoa eman zidanean “Toki Berean” irakurri nuen, diskoaren azalean, hileak puntan jarri zitzaizkidan eta Anestesiak inoiz kaleratu duen diskorik onena besapean,  eskaileretan gora abiatu nintzen ziztu bizian.

Behin eta berriz entzuten nuen disko txiki hura. Alde bat, gero bestea, eta buelta berriz. Kaxalixek abesten zuen gehienbat, geroago hasi zen Nil. Beloki baterian, eta Dani baxua jotzen. Bistaz ezagutzen nituen, auzoan ikusten bainituen.

Baina bazen disko hartan nire arreta guztiz bereganatu zuen abesti bat, “Pipeline”. Nik ordurako surf egiten nuen, eta Pipelineko olatua ezagutzen nuen, baina ezin pentsa nezakeen Anestesiako zima luzeek surfarekin zerikusia zuen zerbait argitara zezaketenik, garai hartan surflaria izatea, ezkutuan eraman behar zen zerbait baitzen.

Denborarekin ikusi dut baietz, abesti hura The Ventures taldearen Pipeline abestiaren bertsio bat dela. Eta itzelezkoa izaten jarraitzen du, jatorrizkoa baina hobea. Ahotsik gabea, doinu arinekin, azkarra, ederra.

Batikano falta da, futbolina ere bai, jendea, kaleko giroa, larruzko jaka beltzak... baina Pipeline eta pipelinetarrek hor jarraitzen dute, “Toki Berean”.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo