GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Taubira, atipikoa

Christiane Taubira Justizia ministroak, Guyanatik helduak, militante independentista 1981era arte, Euskal Herriko askapen mugimendua ulertzeko gako guztiak ditu, dudarik gabe

Hauteskunde kanpainan gaude, debate guztiak pil-pilean daude, alderdi guztiak beren ahotsa entzunarazten saiatzen ari dira. Eremu bakoitzak bere erritmoa jarraitu behar duela errepikatzen entzuten dugu azken urteetan. Bakoitzak etekin politikoa ateratzen saiatu behar du tokiko biztanleriaren arabera, kontzientzia mailaren arabera eta abertzaletasunarekiko herritarrek duten interesen arabera. Politikari lekua egiten zaio eta herritarrengandik bozak lortzen saiatu behar gara. Herritarrekin aitzina joaten ahalegin guztiak egin behar ditugu. Herria osatzen joan behar dugu, abertzale bakoitzak proiektua bultzatu behar du. Ez da proiektu erraza, oztopo asko jartzen dizkigute eta hainbat eremutako abertzaleak lotzea beti zaila izan baita gure herrian.

Aldaketa gertatu da frantses Estatuan, ez dakigu agintari berriek zer irakurketa eginen duten Euskal Herrian hartu den bide berriaz. Valls Barne ministroa da, Katalunian sortua, 1982an frantsestua, egin dituen lehen azalpenetan ez digu keinu berezirik igorri. Bestalde, elkartasuna adierazi nahi izan dio Israelgo herriari, hain xuxen Palestinako presoek protesta gogorra zeramaten unean. Ez du ematen borrokan dauden herriekiko sentsibilitate handirik duenik. Baina Barne ministroak ez dira sentsibilitatearen arabera ibiltzen noski, gehiago interes politikoen arabera. Momentuko Euskal Herriak ez dio deus onik inspiratu.

Nota baikor bat heldu da, hala ere, hauteskunde kanpaina honetan Baionako hautagai sozialista den Capdevielle anderearengandik, honek baieztatu baitu gatazkaren konponketaz hitz egin beharko dela. Bestalde, instituzioa ez da gehiago tabu, alderdi gehienek erantzuten dute galdekatzen dituztelarik, gai saihetsezina bihurtu da. Ahalmenak dira garrantzitsuenak, ez instituzioari ematen zaion izena, pays, collectivité territoriale, autonomia... Alta independentziaren aldarrikapenaren nostalgiak bizirik jarraitzen du askorendako. Hain xuxen, ez du nostalgia izan nahi, geroko gaur prestatzen dugun proiektua baizik, horretarako lan egiten dugu!

Proiektu horretan Udalbiltza oinarria dugu eta hasi duen kanpainan alderdi abertzale gehienek parte hartuko dutela dirudi, EAJri azken urratsak egiteko gelditzen bazaizkio ere! Orain arte altxatzen ziren traba guztiak desagertu direlarik, Udalbiltzari lotzeko ez luke arazorik izan behar. Esperantza horretan gabiltza ezker abertzalean kokatzen garenok. Herria egitekotan denok kabitu behar baitugu! Zenbat bide egin dugun...!

Christiane Taubira Justizia ministroak, Guyanatik heldu denak, Guyanaren autonomiaren alde bozkatu zuen 2010ean. Politikari atipikoa, esklabotzaren kontrako legea bultzatu eta bozkarazi zuen. Kolonialismoaren gaiaz asko daki, uharteetako idazle antikolonialistak hurbildik ezagutu ditu, eta dudarik gabe, Euskal Herriko askapen mugimenduaren ulertzeko gako guztiak ditu. Ez du honek garantiarik sortzen, baina izan duen ibilbide politikoarengatik zaila zaio elkarrizketa ukatzea. Bere herriarentzat egokia ikusten zuena, beste herriendako ere balio baitu. Dena ez dago bere esku, baina asko egin lezake presoentzat, bere ardurapean baitaude.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo