GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Itziar Abad Ramírez Berdintasuneko eragilea

Emakumeek sexu eta ugalketa eskubideez gozatzeko oztopoak

XX. mendean ohiko genero-eredua irauli zen emakumeak hezkuntzan, lan-merkatuan eta bizitza publikoan sartu zirelako. Baina egun genero-rolek indarrean jarraitzen dute, zorroztasun txikiagorekin bada ere

Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak sexu eta ugalketa eskubideak finkatu ditu eta horien barruan berdintasunerako, gorputzaren osotasunerako, sexu autonomiarako, aske aukeratzeko, hezkuntzarako, informaziorako, pribatutasunerako, parte-hartzeko eta iritzi askatasunerako eskubideak sartzen dira.

Berdintasuna, beraz, aldez aurretiko baldintza bat da «pertsona orok sexu eta ugalketa eskubide guztiak izan eta goza di- tzaten eta, horrela bada, gaitasunak garatu, norberaren ongizatea sustatu eta bizitza dituzten nahien arabera egitura ditzaten», horrelaxe finkatu du Estatuko Familia Plangintzaren Federazioak (FPFE) Sexu eskubideen eta ugalketa eskubideen gutunean.

Sexu-genero sistemaren arabera, emakumeak gizonekiko mendekotasun egoeratik abiatzen dira; hori dela-eta, gizonek baino oztopo gehiago dituzte beren bizitzari buruzko erabakiak hartzeko orduan edo erabaki horiek dituzten beharren arabera burutzeko orduan.

Sexu batek bestea menderatzeko logika, genero rol eta estereotipoetan oinarritzen da eta funtsean emakumeengan ondoko moduan funtzionatzen du. Ohiko genero-ereduak «ama-emazte» rolean sailkatu ditu eta etxeko eta familia zaintzeko lanetan ia-ia bakarrik aritzea exijitzen die. Ugalketa lanetan aritzeak (gizartean gutxietsia eta ez ordaindua), eremu pribatuan egotera behartuko ditu eta eremu publikoan izan dezaketen agerpena mugatuko du; horrek gizarte harremanak eta laguntzak edukitzea oztopatuko du.

XX. mendean ohiko genero-eredua irauli zen emakumeak hezkuntzan, lan-merkatuan eta bizitza publikoan sartu zirelako. Baina egun genero-rolek indarrean jarraitzen dute, zorroztasun txikiagorekin bada ere.

Gizonak oraindik oso urrun daude etxeko eta zaintzako lanak berdintasunez gain hartzetik; hori dela-eta, ekoizpen lan bat egiten duten emakumeek (gizartean onartuta eta ordaindua) «lanaldi bikoitza» egin beharko dute eta, beraz, euren buruarentzako eta aisialdirako denbora murriztuko dute eta horrek osasuna gaizkituko du. Gainera, ekoizpen eta ugalketa lanak bateratu ahal izateko, emakume askok bajak eta jardunaldi murrizketak hartzen dituzte eta horrek eragina du eremu profesional zein ekonomikoan.

Halaber, adineko emakume askok jarraitzen dute bizitza osoan egin dituzten hazkuntza eta zaintza lanak burutzen. Seme-alabak hazi ondoren, bilobak zainduko dituzte. Zenbait kasutan, gainera, senar gaixoa edo mendeko adineko senide bat zaindu beharko dute, ahaidetasuna edozein izanda: ama edo aita, ahizpak edo nebak, amaginarreba edo aitaginarreba, etab. Askotan horrek estres eta presio handia sortzen du eta adineko emakumeak gaixotasun larriko egoeratara eraman ditzake, hala nola, «amona esklaboaren sindromea».

Emakume gazteek ere ohiko genero-ereduaren ondorioak jasango dituzte. Sara Velasco mediku eta psikoanalistak ondokoa dio: «agian ez dute mendetasun sozio-ekonomikorik edo ez daude mendetasun sozialeko egoeran baina, aldiz, etxeko eremuan ohiko eredu afektiboak errepikatzen dira, eta horrek genero ahultasuneko jarrerak sortzen ditu».

FPFEk gogorarazi duenez, «behar bezalako sexu eta ugalketa bizitza izateko, egitura sozial, ekonomiko, kultural eta sinbolikoetan eman daitekeen edozein desberdintze eta diskriminazio formatik aske egon behar gara». Beharrezkoa dugu, besteak beste, ohiko genero-eredua dinamitatu eta eredu berdintzaile bat lortzeko bideari ekitea.

Genero diskriminazioaz gain, pertsonen bizitzan beste faktore batzuek ere diskriminazioa sortzen dute hala nola, sexu orientazioa, sexu eta ugalketa praktikak, jatorria, adina, gizarte klasea edo aniztasun funtzionala. FPFEk dio intersekzionalitate horretaz arduratu behar garela «ezen benetako berdintasunak muga guztiak (egiturazkoak zein subjektiboak) kentzea eskatzen baitu pertsonek euren eskubide eta askatasunez goza ditzaten berdintasuneko baldintzetan».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo