Polemika sortu da Donostiako eta Gasteizko jazz jaialdiei buruz
Aurten Donostiako eta Gasteizko jazz jaialdiak data berberetan ospatuko dira hiru egunez, eta talka honek polemika sortu du bi jaialdietako zuzendarien artean. Gasteizkoak datak iazko uztailetik jakinarazi zituela azaldu du; Donostiakoak eurei datak ezartzea «onartezina» dela esan du.
GARA | DONOSTIA
Uztaila jazzaren hila izaten da gurean, orduan ospatzen baitira Donostiako eta Gasteizko jazz jaialdiak. Orain artean, bizikidetzako harreman orekatua izan dute, eta oso gutxitan partekatu behar izan dute jaialdiko egunen bat (azkena, orain 22 urte). Aurtengoan, ordea, ez da horrela izango: uztailaren 19, 20 eta 21ean jazzaren jarraitzaileek bi hiriburuen arteko bat hautatu beharko dute ezinbestean, horiexek baitira Gasteizko jaialdiaren azken hiru egunak eta Donostiakoaren lehenak.
Topo egite honek polemika itzela sortu du, bai zaleen artean eta bai jazzaldietako zuzendarien artean. Iragan den ostiralean, Gasteizko jaialdiko zuzendariak, Alberto Ibarrondok, Donostiakoaren teilatuan paratu zuen harria. Beraren hitzetan, iazko uztailetik zeukaten Arabako hiriburuko jaialdiaren daten berri, eta donostiarren aldetik «ez erantzunik ezta komentariorik ere» jaso ez izana salatu zuen.
Donostiako Jazzaldiko arduradun Miguel Martinek, bere aldetik, ados jartzen ahalegintzeko prest zeudela iragarri zuen, eta beren burua babestuz, gasteiztarrei daten gaineko erabakia euren kabuz hartu izana leporatu zien. Horrez gainera, Donostiakoak duen «entzutea, tradizioa, ibilbidea, oihartzuna, dimentsioa eta aurrekontua» kontuan hartuta, «erakundeaz kanpoko entitateek, euren apeta soilagatik datak ezartzea -edota data batzuei betoa jartzea- onartezina» dela adierazi zuen.
Zaleak, kaltetu nagusi
Bi jaialdietako zuzendaritzako kideen arteko hika-mikek jarraitu ala ez, agerikoa da kaltetu nagusiak jazz zaleak izango direla, bi jaialdiek talka egiten duten hiru egun horietan bi programen arteko hautua egin beharko baitute. Gasteizko jaialdiaren azken egunean Sonny Rollins saxofonista handia ariko da; Donostiako Jazzaldian, Bobby McFerrin & The Yellowjackets.
Gipuzkoako hiriburuko jaialdiaren irekiera egunean, uztailaren 19an, soul espirituz zipriztindutako Jazz Band Ball, Sharon Jones eta Dayna Kurtz ariko dira Zurriola bueltan; eta, Mendizorrotzan, Gilberto Gilen bossa nova eta Esperanza Spalding arituko dira. Hilaren 20an, azkenekoz, Marc Ribot & Los Cubanos Postizos eta etorkizuneko jazzaren erregina bilakatzear dagoen Melody Gardoten ahotsek hartuko dute Donostia, Arabako hiriburuan Pat Methenyren gitarra eta Chris Potter-en saxoa zein Fred Hersch Trioren kontzertuan dauden bitartean.