Sokatira Lur Gaineko Txapelketa
Goiherrik eutsi egin dio aldeari, eta denboraldiko lehen txapela jantzi du
J.L.
Goiherrik eskuratu zuen herenegun Euskal Herriko Lur Gaineko lehenengo txapela. 680 kilokoan azkeneko ekinaldia jokatu zuten herenegun, eta Erandioko taldeak nahikoa zuen bigarren postua eskuratzea, eta horixe egin zuen.
Izan ere, emozioa bigarren posturako zegoen, Gaztedi A eta Mutriku berdinduta baitzeuden, eta zilarrezko domina bietan aurretik geratzen zenak irabaziko zuen. Mutrikuk sekulako lana egin zuen, eta ez zuen Gaztedi bakarrik mendean hartu, baita Goiherri ere, eta sailkapeneko lehen postuan amaitu zuen, bigarren postua segurtatuz.
Goiherrik bigarren amaitu zuen Mutrikurekin bakarrik galduta. Aurreko bi jardunaldietan onenak izan ziren, eta horrek mailako txapela lortzeko balio izan dio Erandioko taldeari.
Gaztedi sailkapeneko bigarren postua eskuratzeko asmoarekin atera zen, baina hirugarren amaitu zuen, eta amaierako sailkapenean ere hortxe amaitu zuen, brontzezko dominarekin. Azkeneko bi postuetan, berriz, lehen bi jardunaldietako emaitzak errepikatu ziren, Goiherri B taldeak aurre hartu baitzion Gaztedi B taldeari. Sailkapen nagusian, Gohierri izan zen txapeldun 14 punturekin. Bigarren Mutriku sailkatu zen 12 punturekin, eta hirugarren Gaztedi 10 punturekin. Hauen atzetik Goiherri B eta Gaztedi B sailkatu ziren 6 eta 3 punturekin.
Datorren asteburuan 640 kiloko ligaxka abiatuko da, pisu handian aritu diren talde guztiekin, ez baita beste ekiporik izango pisu honetan.