GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Otaño eta Atutxa II.a, finalera

Gipuzkoarrak eta bizkaitarrak Ugaitz Mugertza eta Iñaki Azurmendi menderatu zituzten atzo jokatutako finalerdietan.

p044_f01.jpg

Jon LEUNDA

Unai Otañok eta Aitzol Atutxak eskuratu zuten atzo Urrezko Aizkorako finalean aritzeko txartela. Aurten lehen aldiz hiru izango dira txapelaren lehian arituko diren aizkolariak. Lehendik Nazabalek zeukan txartela eskuratuta, eta atzo erabaki ziren falta ziren biak.

Bi finalerdietan lan bera egin behar izan zuen aizkolari bakoitzak. Hasierako proba 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu izan zen. Ondoren, tamaina bereko enborra erlojuz kontra erdibitu behar izan zuten. Hirugarrengoan, kana-erdikoa zutik jarrita izan zuten. Laugarrengoa, 60 ontzakoa zeinek azkarrago moztu izan zen. Bosgarrengoa, berriz, 45 ontzako bat zutik jarrita, eta beste bat etzanda jarrita zeinek azkarrago moztu lehiatu ziren, eta azkenik, bi kana-erdiko eta lau 60 ontzako erdibitu behar izan zituen aizkolari bakoitzak.

Lehen finalerdian, Unai Otañok inongo arazorik gabe menderatu zuen Ugaitz Mugertza. Kolpekakoan, 31 nahikoa izan zituen enborra erdibitzeko, eta biren aldea kendu zion mutrikuarrari. Bigarren lana 39 segundoan amaitu zuen, eta beste bost segundo sartu zizkion Ugaitz gazteari.

2.23 izan zen hirugarren laneko denbora, eta beste sei segundoko tartea zabaldu zuen. 60 ontzakoarekin, berriz, 23 segundo kendu zizkion Mugertza II.ari. Zutik eta etzandako lanean, aldiz, beste 20 segundoko tartea lortu zuen Otañok, finalerdia ia erabakita utziz.

10.10 izan zen Unai Otañoren iraupen probako denbora, eta 50 segundoko tartea kendu zion Ugaitz Mugertzari. 18.40 izen zen Otañok lan guztiak burutzeko behar izan zuen denbora, eta 20.16, berriz, Ugaitz Mugertzarena.

Beste finalerdian, berriz, Atutxak ezustea eman zuen Azurmendi mendean hartuta, eta berriro ere zutik jarritako enborrak erabaki zuen. Kolpekakoan, 37tan bota zuen 45 ontzakoa Atutxak, eta 7 segundo kendu zizkion gipuzkoarrari. Bigarren lana 59 segundoan amaitu zuen bizkaitarrak, eta lau segundo kendu zizkion Arriarangoari. Zutikako proba, berriz, 2 minutu eta 16 segundoan burutu zuen Atutxak, eta 3.09 izan zen Azurmendiren denbora. 60 ontzakoarekin ere tartea kendu zion Atutxak. Beste 17 segundo sartu zizkion bizkaitarrak gipuzkoarrari, eta zutikakoan eta etzandakoan ere beste 21 segundo kendu zizkion.

Iraupen proba Arriarangoak irabazi zuen eta bere denbora 12.26 izan zen, eta 12.30 izan zen Aitzol Atutxaren denbora. Lan guztiak amaitzeko 21 minutu eta 54 segundo behar izan zituen Aitzol Atutxak, eta Iñaki Azurmendik, berriz, bereak amaitzeko 23 minutu eta 32 segundo behar izan zituen, finaletik kanpo geratuz.

Zutikako lana

Atzoko finalerdietan zutik jarrita zeuden enborrekin egin behar zuten lana erabakigarria izango zela esaten zen, eta horrelaxe izan zen, Azurmendik hortxe galdu baitzituen finalean izateko aukera guztiak.

Hiru herrialdek izango dute ordezkaritza Azpeitiko azken ekinaldian

Gipuzkoak, Bizkaiak eta Nafarroak ordezkari bana izango dute ekainaren 10ean Azpeitian jokatuko den finalean. Unai Otaño, Aitzol Atutxa eta Floren Nazabal izango dira.

Hiru horietatik berriena Ibarrakoa izango da, Otaño, alegia, lehen aldiz arituko baita txapelaren lehian. Floren Nazabal da finalik gehien jokatu dituen aizkolaria, eta txapelak lortzea zer den ere badaki.

Aitzol Atutxak, berriz, iaz jokatu zuen lehen finala, baina nerbioek pasada handia eman zioten, eta ezin izan zuen bere maila eman. Otañok, aurten izango du bere estreinaldia.

Final nagusia zeintzuk jokatu duten erabakita badago ere, beste bi mailatako finalistak zein diren datorren astean argituko da, 19 urtez azpikoen eta 23 urtez azpikoen finalista guztien izenak ez baititugu ordura arte jakingo. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo