Josebe Egia
Oilo-ipurdia
Nik ez dakit zer gertatzen den familiaren babesa xede duten erakunde zein elkarteekin. Benetan indarra eta babesa dutenekin, behintzat, hau da, ohiko familiaren eta bakarrik horren defentsa porrokatua egikaritzen dutenekin. Badirudi familiaren balioak eta gaitasunak goraipatu baino, familiarteko giro egokia eta kide bakoitzaren garapen osoa defendatu eta sustatu baino, egungo banako askatasunak nazkatuta instituzio sozial hau erabiltzen dutela aitzakia gisa bestelako helburuak lortzeko. Ez dakit zer gertatzen zaien, baina beren ezaugarrien artean beti daude erasoa, intolerantzia, iraina, eta, esan dezagun, paranoia puntu handi samarra.
Joan den asteburuan Madrilen egindakoa ikusirik, Familien Munduko Kongresua, oilo-ipurdia jartzen zait. Hor esango zen guztiaz, eragingo zen dinamika, korronte eta energiaz pentsatze hutsak hotzikarak sortzen dizkit. Begira, bestela, zer nolako gai-zerrenda: «emakumearen benetakotasuna: etxeko bizimodua berriz ezagutzen», «jokabide homosexualei konponbideak», «nola mantendu familia batuta: konponbide praktikoak», «genero-ideologiaren kontrako borroka», «abortuaren gai mingarria»... Izan ere, euren erakunde eta kongresuaren kontrako «gutxi batzuen» erasoa salatzera ausartzen diren hauek, adierazpen-askatasunari helduta, gustatzen eta onartzen ez duten ororen kontrako ekintza dute helburu, alegia, euren munduaren ideia perfektua nahasten duen guztia desagerraraztea: homosexualak, emakume burujabeak -lanean etxetik kanpo dihardutenak-, beren gorputzari buruz erabakitzeko askeak, amatasun senik gabeak, etxekoandre eredugarriak izanda ere abortatu egiten dutenak, hirugarren munduko herrialdeetan abortuak praktikatzen dituzten GKEak, Mugarik gabeko medikuak, kasu, «jendea zaindu ordez, bizitza sarraskitzen dutelako», azken urteotan «familiaren kontra egin duten» gizarte-politiken sustatzaileak... Laburbilduta, katoliko, apostoliko eta erromatarra ez den edozein pertsona eta bizimodu. Baina hori guztia inori eraso barik zerbaiten defentsan ari direlako mozorroarekin, hots, negatiboa positibo bihurtu nahirik. Eta ahalegin horretan, eskubide unibertsal pila bat alde batera utzita eta pentsamolde bereko pertsonaia esanguratsuak bilatuta. Eta lortzen dute, zeren ez dakit zer gertatzen den familiaren defendatzaileekin, baina beti dira amorratuak, barru-barruko hariren bat ukituko baliete bezala.
Besteak beste, Jaime Mayor Oreja PPren Gobernuko kide ohia izan zen kongresu horretako partaide bat. Egun Espainiako Gobernua gidatzen duen alderdiko kidea, konstituzioari behin eta berriz helduta, demokrazia, tolerantzia eta zuzenbidezko estatua etengabe ahoan, gauzen ordena naturala ezarri beharrean gaudela uste duen Gobernua. Familiaz ari garenean, baina, badirudi konstituzioak balio ez eta prezeptu zerutiarrak direla gakoa, jendarte polita eratzeko. Emakumeak eta gizonak legearen aurrean berdinak izateari utzi eta, molde jakin batekoa izan ezean, baztertu eta iraintzeko jomuga bihur daitezkeela. Esandakoa, oilo-ipurdia boterea noren eskuetan dagoen pentsatze hutsarekin. Eta zenbat diren eta zer duten agendan ikusita.