GARA > Idatzia > Ekonomia

Portutik platerera, Itsas Ama elkarteak zuzeneko salmenta jatetxean eskainiko du

Arrantzale txikiak eta molde tradizionaleko arrantza sostengatzeko xedez sorturiko Itsas Ama elkarteak zuzeneko salmentarako gune berri bat jarri du. Ekainaren 3tik aurrera, Azkaineko Xoko Ona ostatuan, Donibane-Ziburuko portutik heldutako arrain freskoa zerbitzatuko du igandero. Elkartea beste sektore askorekin elkarlanean ari da dinamika zabala garatzeko.

P027_F01.jpg

Idoia ERASO | AZKAINE

Gaur egun Itsas Amako kide diren arrantzaleen mozkinak Ziburun eta Donibane Lohizunen eros daitezke zuzeneko salmentan. Baina hurrengo igandetik aurrera, portutik zuzenean heldutako arrain freskoa errezeta tradizional eta berritzaileetan dastatzeko aukera ere izanen da Azkainen.

Lapurdiko arrantza portu esanguratsuena da Donibane-Ziburu. Hogeita bi itsasontzi ari dira bertan, eta hamabi dira Itsas Ama elkarteko kide, orotara 40 arrantzale. Portuko bi ontzi arrantza pelagikoan ari dira, eta hori elkarteak bultzatzen duen arrantza moldearen aurkakoa da, ez duelako iraunkortasun irizpidea betetzen, baina beste guztiak gonbidatuak dira Lapurdin gainbeheran doan sektore honen indartzeko elkartean parte hartzera.

«Elkartea sortu genuen ikusiz egun arrantzale txikientzat arrainaren prezioa ez zela beti egokia, batzuetan ez delarik aski bizitzeko. Arrantzaleak laguntzeko eta aldi berean arrantza tradizionala sostengatzeko asmoarekin sortu genuen Itsas Ama», azaldu zuen Beatriz Elizalde elkarteko ordezkariak. Lapurdiko egoera azaltzeko honakoa gehitu zuen: «Gipuzkoan eta Bizkaian arrainaren kultura gehiago atxiki da, baina hemen galtzen ari denez, berriz hartzen ari gara eskuetan».

Elkartea hainbat eremutan ari da egitasmoak garatzen. Urdazuri Berdea konpainiarekin Urdazuri ibaia ezagutzeko ibilaldiak antolatuko dituzte: «Portutik Azkaineraino hemengo itsasoko historia ezagutaraziko dugu, Itsas Begia elkartearekin elkarlanean; bidaia bukatzean Xoko Onan bazkaria eskainiko da». Hurrengo ikasturteari begira, Uhainarekin -arrantzale familietako emazteen elkartea- sukaldaritza tailerrak eskainiko dituzte.

Dinamika ugari eta anitz hauen helburua honela azaldu zuen Elizaldek: «Dinamika bat sortu nahi dugu arrantzaleak sostengatzeko. Eta hori muturreraino eraman nahi dugu, bertako laborari txikiekin ere elkarlanean». Zerbitzu eskaintza berri honetarako inguruko eta Euskal Herriko ekoizkinen erabilera nabarmentzekoa da. Ardoetan, esaterako, Zokoan eginiko zuria, Irulegiko gorria eta Nafarroako beltza eskainiko dira.

Lankidetza eta helburu anitzak ditu elkarteak. «Indar egiten segitzea ere gure xedeetako bat da, pelagikoak baztertzen ari dira eta arraina gure itsas bazterretara bueltatzen ari da, baina horrek ez du erran nahi pelagikoak ez direla berriz etorriko. Horregatik, testigantzez osaturiko DVD bat prestatzen ari gara Itsas Ama elkartekoekin», nabarmendu zuen Elizaldek.

Hondarribiko arrantzaleak

Hondarribiko portuko Enrique Lekuona ontzigintza-ingeniaria eta Esteban Olaizola Hondarribiko Kofradiako eta Gipuzkoako arrantzaleen kofradien konfederazioko lehendakari ohia ere Azkainen izan ziren atzo. Bi hondarribiarrak Itsas Geroa elkarteko kide gisa etorri ziren, arrantza selektiboa, itsasoari kalterik egiten ez diona defendatzeko.

«Apustu bat da gaurko eta etorkizuneko ogia izateko, eta ez gaurko ogia eta biharko gogoa, gu horren kontra gaude», adierazi zuen Olaizolak.

Enrique Lekuonak gaineratu zuenez, «etorkizuna bermatu behar dugu. Euskal Herriarentzat sektore estrategikoa da, eta denok egin behar dugu horren aldeko indarra».

40 ARRANTZALE

Donibane Lohizune-Ziburuko portuan 22 arrantza ontzi daude, eta horietarik hamabi Itsas Ama elkarteko kide dira, guztira, 40 arrantzale. Arrantza tradizionala sostengatzeko eta arrantzaleei arraina prezio egokian erosteko sortu da elkartea.

URDAZURI

Laster Xoko Ona ostatuko bazkaria Urdazuri ibaia ezagutzeko ibilbide baten bukaera ere izango da. Portutik Azkainera itsasontziz eginiko ibilbidean inguruak itsasoarekin izan duen loturaren berri emango dute.

Donibane-Ziburuko arraina dastatzeko festa

Azkaineko Xoko Ona ostatua festa giroan zen atzo. Le Crieur Pudique talde lapurtarraren zuzeneko doinuek girotzen zuten taberna, eta Donibane Lohizune-Ziburuko portutik ekarritako arrainarekin egindako gutiziek dantzarazten zituzten dasta papilak. Itsas Ama elkarteak aurkezpenerako prestatu zuen aperitif musikatuak Azkaineko plaza girotu zuen.

Hurrengo igandetik goiti dastagai izango diren plateren erakusgai ziren pintxo eta platertxoak ezagutzeko aukera izan zuten gonbidatuek. Errezeta goxoek denen laudorioak jaso zituzten: hegaluze eta barazki txikien cakea, pikilloa coulisarekin, baita legatza saltsa berdean edo hegaluze «tartareak» ere. Bitartean, «andexa lursagar purearekin, pikillo eta tomatearekin lagunduta» delako errezeta lortzeko galdezka ibili ziren hainbat.

Prentsa eta elkarteak ziren gonbidatuak aurkezpenera, izan ere Itsas Amaren lana portutik kanpo eremu askotara zabaltzen ari da, laborantza, historiaren ezagutza edo Euskal Herriko lurralde ezberdinen arteko elkarlana, besteak beste. I.E.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo