GARA > Idatzia > Euskal Herria

Noaingo guda ere Nafarroako konkistaren ondorio dela nabarmenduko dute

p014_f03.jpg

Martxelo DIAZ |

Historia garaileek soilik idazten dutela esaldiari aurre egiteko asmoarekin Noaingo Bataila Gogoan taldeak 1521eko gertakari hori gogora ekarriko du ekainaren lehen hamabostaldirako antolatu dituen jardunaldietan.

«Nafar Gobernuak segitzen du buru-belarri ukatu nahian Nafarroako konkista armatua, estatu batek beste estatu burujabe baten aurka burututako konkista. Nafarroa armen bidez eta ez borondatezko anexio baten ondorioz bere izaera galdu zuen Estatu libre eta burujabea izan zela ukatu nahi digute», adierazi zuten talde honetako eledun Ainara Errok eta David Carbonellek.

UPNren eskuetan dagoen Noaingo Udalak ere ildo honi eutsi dio Nafarroa Bizirik taldeak aurkeztuko mozioaren aurka eginez, «duela 500 urteko gertakariak gogora ekartzea beharrezkoa ez den zerbait dela argudiatuz».

Jardunaldiak bihar hasiko dira «Noaingo Bataila Gogoan Taldeak Piturekin» lelopean Azaroaren 25 biribilgunean egingo den elkarretaratzearekin. Ondoren, afaria izango da Txarrantxulon, La Chula Potra abeslariaren saioarekin.

Hilaren 5ean «Gartxot» filma ikusteko aukera izango da (19.00, Kultur Zentroan), eta hilaren 7an, Floren Aoizek mintzaldi batean aztertuko du 1512ko gertakariek egungo Euskal Herriko egoeran duten eragina (19.00, Musika Eskola).

Hilaren 9an Elortzibarreko Euskararen Egunaren hamabigarren edizioa ospatuko da Dorre-Elortzibarren eta hilaren 13an Fermintxo Santxezek «Nafarroako konkista» ipuina kontatuko du Txarrantxulon.

Ekainaren 16rako Nafarroa Bizirik taldeak Iruñean antolatu duen martxa nazionalean ere parte hartuko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo