Daniel Olçomendi, Alain Iriart, Peio Claverie, Eliane Echeverria,Iker Elizalde EHBai-ko hautetsiak
Euskal Herriko ezagutzaren alde, bozka EHBai
Ekainaren 10ean eta 17an hauteskunde legegileak iraganen dira Estatu frantsesean eta Ipar Euskal Herrian. Izan ere, hainbat gai izanen ditugu eztabaidagai Ipar Euskal Herriaren biziraupenarekin lotura zuzena ukanen dutenak. Egun guzietako gai horien ikertzeko eta proposamenen egiteko, gaur egun, Ipar Euskal Herria guziz ukatua dugu eta ez du inongo ezagupen instituzionalik. Azken hilabeteetan instituzioaren inguruko eztabaida eramana izan da hainbat gunetan eta bereziki garapen eta hautetsien kontseiluan. Aukera ezberdinak aztertuak izan dira eta momentu honetan lurralde kolektibitate baten sortzea lehenetsia da. Hemendik aitzina, elkarrizketa horiek eskumenen inguruan eramanen dira. Gure ustetan, hainbat eskumen ezinbestekoak dira Lapurdi, Baxenabarre eta Xiberoaren geroa eta garapena ziurtatzeko. Eskumemen zerrenda luzea izan daiteke eta gure aldetik bost ditugu lehenesten; hala nola lurralde antolaketa, ekonomia eta enplegua, euskara, lurra eta etxebizitza eta mugaz gaineko harremanak. Ondorioz eta eragin- kortasuna bilatuz, fiskalitate propioa eta botere legegilea aldarrikatzen ditugu, ahalmena eta baliabideak ukan ditzagun behar diren proiektuak eramaiteko. Hein berean, eztabaida publiko baten eramaitea ezinbestekoa ikusten dugu, herritarrak behar den bezala informatuz, azken puntan herritarrek beharko dutelako erabaki zein instituzio mota nahi duten gure geroa kudeatzeko. Aurkezten diren hautagaitzen artean soilik EHBai-renak ditu puntu guzi hauen aldarria egiten.
Ziur gara Euskal Herriaren ahotsa Pariserat eramanen dutela eta gure ahotsa entzunaraziko dutela. Hartara, herritar guziei dei egiten diegu ekainaren 10ean eta 17an boza EHBai-ri eman diezaioten. Azkenik dei egin nahi diegu abertzale eta ezkertiar guziei hauteskunde hauen biharamunean prestatzen has daitezela, antolatzen, 2014ko herriko bozak behar bezala prestatzen hasteko.