Pello ZABALA eguraldien aditua
Ilgora dontsua...
Eguraldiaren segida ez doa hilabeteka; bai ordea, bestelako koska-salto txandakakobatean: ilargiaren joeren arabera, ilberria-ilgora-ilbete-lbehera
Aroaren martxari erreparatzean, batzuetan koskaka, bestetan orekatsu, betiere halako biratxoak ohiko dituela antzematen diogu. Hori, baserriko eskolan.
Baserrian, ezeri izatekotan, ilargiaren birari begiratzen ikasi genuen; eguraldiaren segida ez baitoa hilabeteka; bai ordea, bestelako koska-salto txandakako batean: ilargiaren joeren arabera, ilberri-ilgora-ilbete-ilbehera deitu diegun zazpinakako tarteotan, edo baita bederatziurrenez ezagutu ditugun pausotan, edo bi ilargi pausoen hamabostaldi berexietan, edo, ilargialdi oso batek eta hurrengo erdiak osaturiko berrogeialdia neurtu izan dugun tamaina luzekoan.
Hara hemen errepasotxo bitxia iazko udazken ingurua gogoratuz: Udazken bereziaren akordua gelditu zitzaigun. Ez al zen tartean, azaro hotza iragarri ziguten arren, azken ez-dakit-zenbat urtetako azarorik beroena suertatu? Eta nondik esplika?
Bada, horixe: irail lehorra genekarren, 36 litro besterik utzi gabe. Urriak, 90, baina erdiak hilaren hasierako ilgoran, euri-joera seinalatuz. Heldu da azaroa eta, lehen asteko ilgoran juxtu, 188 litro, denak 6 egunetan bota zituen: hartu hau gogoan, inork gutxik seinalatu zuen eta. Alegia, 6 egunetan, aurreko abuztu-irail ta urriko 90 egunetan baino gehiago. Kontxo! Orduan koska bazetorrek: eta gainerako 24 egunetan, 26 litro besterik ez, eta giro eguzkitsu epel gozo atsegina: «Aspaldiko azarorik beroena».
Neguan ere halaxe, koskaka eta saltoka eutsi dio. Otsail hasierako ilgorak (ilgora berriro) markatu zigun jelatea, siberiarra deitu geniona. Martxoan, ilgorak berriro, bere litro-koska, 50 litroxkakoa utzita gero, nahasi zuen tartea, eta hor datorkigu ilberri ponpoxoa, udaberrian sartzeaz batera, 12 eguneko udalehen sanorik ederrena oparituz. Hamabostaldi bedeinkatu horretan elorri beltz guztiak loratu ziren, baita lorea itsatsi ere. Segidan, ordea, apirilaren 3an, ilgoran, bere 3. egunean abiatu zen busti hotz petralezko beste berrogeialdia. Apirila ia osorik eta maiatzeko ilbetearen 3.a arte iraun zuen. Denera, 210 litro utzi zizkigun haitz inguruotan. Ez hori bakarrik: azken hamabostaldian 9 ekaitz ere bai. Abisua izango ote da? Nik hala uste.