GARA > Idatzia > Euskal Herria

Espetxe zigorra, 2009ko Korrikan euskal presoen argazkiak erakustegatik

2009. urteko Korrikan, Iruñean, euskal preso politikoen argazkiak erakusteagatik espetxe zigorra ezarri die Auzitegi Nazional espainolak bost nafarri. Horien artean da amnistiaren aldeko mugimenduko eledun izandako Josu Esparza, nahiz eta argazkirik ez zuen erakutsi.

p017_f01.jpg

GARA | MADRIL

2009an, Korrika Iruñetik igarotzean preso politikoen argazkiak erakusteagatik urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri dio Auzitegi Nazional espainolak amnistiaren aldeko mugimenduko eledun izandako Josu Esparzari eta urte bana, David Urdini, Oihan Atauni, Mikel Marini eta Irati Mugikari. Euskararen aldeko lasterketa Iruñeko Donibane auzoko espetxe aurretik pasa zenean erakutsi zituzten presoen irudiak.

Bitxia bada ere, Esparzak ez zuela inolako irudirik ez banderolarik erakutsi adierazten du epaiak. Halere, urtebeteko espetxe zigorra ezarri dio epaileak. «Frogatuta geratu da Esparza han izan zela, argazkietan azaltzen delako. Irudirik edo banderolarik ez zeraman arren, martxa nagusiaren albo batean zegoen, pankartak zeramatzatenen aurretik».

Horrez gain, Esparza amnistiaren aldeko mugimenduko arduraduna zela dio epaiak eta ez du onartzen honek epaiketan emandako argudioa: preso politikoek pairatzen dituzten eskubide urraketak salatzeko elkartasunezko ekitaldia zela egindakoa.

«Ezin dugu gertatutakoarekin zerikusirik ez zuen kanpoko pertsonatzat jo eta ez dugu jazotakoaren arduraduna izan zela adierazi ere. Edonola ere, burutu zutena zabaltzea eta prestatzea baimendu zuen», jasotzen du epaiak.

Halaber, zigortutako beste lau lagunek Korrikan presoen irudiak eta sakabanaketaren aurkako banderolak erakutsi zituztela onartu zutela dio epaiak. Hala ere, hori delitua zenik ez zekitela adierazi zuten epaiketan laurek. Nolanahi ere, erakutsi zituzten argazkietako presoak «terrorismoagatik kartzelatuak dauden pertsonak edo ETArekin izandako harremanagatik preso» daudela dio epaiak. Hori hartu dute oinarri «terrorismoa goraipatzea» delituagatik zigortzeko.

Epaiaren berri izan ostean, bakea lortzeko ez duela balio esan zuen Aralarrek, eta «iraganako traba mingarritzat» jo zuen: «Beste behin ere, Auzitegi Nazionalak salbuespen-epaitegia dela erakutsi du. Zaharkitua dago eta ez du ezertarako balio. Gainera, iraganako irizpideak erabiltzen ditu».

sakabanaketa

Zigortutako lagunek argazkiak erakustea delitua zenik ez zekitela adierazi zuten epaiketan eta euren helburua presoek pairatzen dituzten baldintzak eta sakabanaketa salatzea zela esan zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo