Etxe Zurirako bidea oztopa liezaioke Mitt Romneyri mormoia izateak
Mitt Romneyk, presidentetzarako hautagai errepublikanoak, estatubatuarrek mormoien erlijioarekiko duten eszeptizismoari aurre egin beharko dio Etxe Zuriranzko norgehiagokan. Hala ere, adituen esanetan, ekonomia gaiak gailenduko dira hauteskunde kanpainan zehar.
GARA | WASHINGTON
Mitt Romneyk, presidentetzarako hauteskundeetan Barack Obamaren aurka borrokatuko den hautagai errepublikanoak, azaroan boz gehien lortuz gero, Ameriketako Estatu Batuetako lehen presidente mormoia izango litzateke.
Orain arte, primarioek aurrera egin ahala, erlijio horren jarraitzaile izateak ez dio garaipenerako ibilbidea baldintzatu, baina lehendakaritzarako gudan eragina izan lezake. Izan ere, estatubatuar askok fede horrekiko jarrera eszeptikoa dute.
Lehen erronka irabazi du jada; Etxe Zurirako bere alderdiko hautagaia izatea. Lorpen baliotsua da, errepublikano askok eliza mormoia sektatzat jotzen dute eta.
Orokorrean aldiz, estatubatuarrak eszeptikoak izan arren, ez dute 1820an Joseph Smithek sortutako eliza honen aurkakotasunik. Alta, Bloomberg Newsek martxoan eginiko galdeketa baten emaitzen arabera, herritarren herenak mormonismoari buruz iritzi «negatiboa» du.
Alkohola, tabakoa, tea eta kafea hartzeko debekuengatik, abortatzeko eskubidea, sexu berekoen arteko ezkontzak eta ezkondu aurreko sexu harremanak ukatzeagatik eta iraganean poligamia defendatzeagatik ezaguna, eliza mormoia oso kontserbadorea da.
Brandon Rottinghaus Houstongo Unibertsitateko irakaslearen ustetan, bereziki defendatzen dituen balioak dira, hain zuzen ere, kristau kontserbadoreak Mitt Romney hautagaiarengana gerturatu ditzakeena.
«Hautesleria ebanjelikoaren zati txiki batek ez du fede mormoia onartzen, baina gehiengoa tolerantea da», adierazi du.
Eliza mormoiak oraingoz hauteskunde kanpainan bere hitza izateko aukera eskuratu du, azaroak 6 iritsi bitarte, behinik behin.
«Politikarekiko elizaren neutraltasuna irmoki ezarria dago. Ez dugu hauteskundeen inguruan hitz egin nahi», adierazi zuen eliza mormoiaren bozeramaile Eric Hawkins-ek, Romneyk Texasen irabazi ostean.
Aaron Sherinian mormoiak, aldiz, «gure identitatearen inguruan, sinesten dugunaren inguruan hitz egiteko» aukera paregabea dela deritzo.
Hala ere, «hauteskunde hauetan hautesleek euren poltsikoei begira bozkatuko dute eta ez sermoietan esaten denaren arabera», dio Sherinianek.
Langabezia tasa %8,1ean dagoen honetan, 2008. urtean baino hiru puntu gorago, egoera ekonomikoak menderatuko du kanpaina.
Aaron Sherinianek azaldu bezala, botopapera hautatzeko kabinetan «erlijioak ez du inolako paperik».
Condoleezza Rice, George W. Bush AEBetako lehendakariordearen idazkaria zenak, Mitt Romney hautagaiaren kanpainarako dirua biltzeko asmoz antolatu duten gau-jai batean parte hartu eta bere babesa emango dio.