GARA > Idatzia > Ekonomia

Tren garraioan hamazazpi lanpostu kenduko dituztela salatu du CGT sindikatuak Baionako geltokian

GARA | BAIONA

Tren gidarien arloko CGT sindikatuak SNCF tren konpainiako merkantzia garraio arloan Ipar Euskal Herrian hamazazpi lanpostu desagerrarazi nahi dituztela salatu zuen iragan asteazkenean, Baionako geltokian eginiko elkarretaratzean. Tren bidezko merkantzien garraioa bultzatzen ez bada, datozen urteetan ere kaleratze gehiago izan litezkeela ohartarazi zuten.

Gidariek salatu zutenez, SNCF tren konpainia (kudeatzailea) azken urteotan izandako murrizketekin politika «bidegabea» bideratzen ari da. Datozen murrizketak Hendaia eta Baionako geltokietan izango dira eta 2010ean suntsitutako 46 lanpostuei gehituko zaizkie.

CGT sindikatuaren esanetan, tren bidezko merkantzia-garraioa dinamizatzen ez bada, datozen urteetan murrizketa eta kaleratze gehiago izan daitezke. «Irailerako erantzun baten beha gaude. Irundik abiatzen den garraio berri bat ireki beharko lukete. Hala gertatzen ez bada, badugu beste hamabost postu galtzeko arriskua», zehaztu zuten.

Greba Bidarten

Egoera horren aitzinean, tren gidariek ekintza esanguratsuak egiteko asmoa dutela iragarrizuten. Ekintza horiek ez lituzkete enpleguen mantentze soila aldarrikatzeko eginen. Izan ere, beren asmoa gaur egun dagoen «hondamendian» SNCF tren kudeatzaileak duen inplikazioa ere salatu nahi dute ekintza horien bitartez.

Beren iritziz, agintarien helburua errepideko garraioa bultzatzea da, trenbidekoa baztertuta. «Trenbidea hiltzen ari gara, kamioiei jatekoa emateko», salatu zuten. Gidarien iritziko, tren bidezko merkantzia garraioak frogatua du «eraginkorra» izan daitekeela.

Bestalde, CGT sindikatuak greba eguna antolatu du gaur Bidarteko Intermarche saltegiko kaleratze bat salatzeko. Izan ere, saltegian sekzio sindikala sortzekotan zirela jakin zuenean, nagusiak CGTko ordezkaria kanporatu zuen eta hori salatuko dute gaurko ekintzarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo