Sakanako lehen lan jardun irekia, bihar Altsasun
GARA | ALTSASU
Sakanako lehen lan jardun irekia eta garapenerako lehen jendarte topaketa egingo dute bihar Altsasuko Burunda pilotalekuan, goizeko 10.00etatik aurrera.
Sakantzen Sareak iragarri duenez, ekimen honen helburuetako bat eskualdeak bizi duen krisiaren aurrean, gizarteak joka dezakeen paperari «forma eraikitzailea» ematea da. «Konbentzituta gaude Sakanako pertsonak krisiari aurre egiteko aktiboak garela, eta horregatik elkarlana eta dinamika komunitarioa bultzatu nahi dugu», diote.
Goizeko hamarretan hasiko da lehen jardun irekia, lantaldeen artean ariketa praktikoak egiteko. Garapenerako jendarte topaketari ekingo diote 12.30ean, herritarrek Sakanako garapenean izan dezaketen funtzioaz hausnarketa kolektiboa egiteko.