GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Espainiar justiziaren aurreko berdintasuna

Espainiar justiziak, oro har, sasidemokrazia liberalen justiziak, lapur handiak babesteko eginak dira eta ederki zerbitzatzen dute jaun kapitala. Alferrikakoa da krisialdiaren arduradunak akusatuen eserlekuan ikustea espero izatea

Har ditzagun bi gertaera: kutxazain baten kontrako erasoa eta emakume batek pairatutako bortxaketa. Zuen ustetan, zein da espainiar justiziak gogorren zigortuko duena? Erantzuna, tamalez, erraza da eta denok ezagutzen dugu. Espainiar justiziak kutxazainak babesteari emakumeak defendatzeari baino garrantzia handiago ematen dio. Datuak argi eta ozen mintzo dira! Baina datuen gibelean, jakina, filosofia, esanahia, joera: ondare pribatuak pertsonak baino lehen jartzen ditu espainiar justiziak. Ikusten ahal dugu bortxaketa kasuetan, nahiz eta orain estatuak aurpegia garbitu nahi indarkeria matxistaren kontrako gurutzada baten irudia emanez (gurutzada, beti da arazoei aurre egiteko beren joera).

Kartzela barnetik ezagutzeko «ohorea» izan dut; beraz, ez naiz ni zigor urteen apologian eroriko. Nabarmena da bizi garen munduan zertarako dauden presondegiak. Mendekua instituzionalizatzeko formula bilatu da, arazoei sakoneko erantzunak eman beharrean. Baina gaur egungo arauen arabera, kartzela zigorrek justiziaren neurtzeko sistemaren berri ematen digute eta erakusten dutena oso agerikoa da. Balore mailaketa bistakoa dugu, jabegoa eta bereziki kapitala eta estatua direlarik babestu beharrekoak. Pertsonak, taldeak, eskubideak, horiek guziak bigarren mailan gelditzen dira. Batzuetan, ezta bigarren mailan ere: ez daude espainiar justiziaren biktimen zerrendetan.

Har dezagun beste adibide bat: ondare publikoaren babesa. Artikulu hau idatzi ondotik kalera aterako banintz, nire kaleko farolak hausten hasteko, laster bukatuko nuke atxilotuta eta epaile baten aurrean auzipetuta, zalantzarik gabe. Norbaiti bururatuz gero farolak asmo terroristaz apurtzen ari nintzela, akabo, baina edonola ere, ziur asko zigortuta aterako nintzateke, ondare publikoen kontrako erasoa leporatuta. Milaka lanpostu, milioika euro, baso bat, ibai bat, edota enpresa publiko bat hondoratuz gero, berriz, ez litzaidake ezer ere gertatuko. Zer esanik ez, banku handi bat espekulazioaren amildegitik behera jaurtitzekotan. Kalte ttikiak ordaintzen dira, erraldoiak ez. Farola bat haustea larria da, milioika pentsionista miserian ezartzea, berriz, ez.

Txirritaren bertsoak datozkit gogora: «Lapur txikiak kastigatzeko nonahi badago kartzela; haundiak hor ikusten ditut Paseoan dabiltzala». Soldata eta indemnizazio erraldoiak dira lapur handien sariak, oraingoan.

Espainiar justiziak, oro har, sasidemokrazia liberalen justiziak, lapur handiak babesteko eginak dira eta ederki zerbitzatzen dute jaun kapitala. Alferrikakoa da krisialdiaren arduradunak akusatuen eserlekuan ikustea espero izatea. Ez da gertatuko. Justiziaren zeregina hori gerta ez dadin bermatzea da, gaur egun. Erraz konprenitzen ahal dugu zergatik, espainiar justiziaren buru nagusia ustelkeria aferetan korapilatuta egonik. Denon diruaren erabilpen pribatua arautzat dutenek epaituko dute besteek gauza bera egitea? Nekez, ezta?

Bizi garen krisialdiak orain arte ezarritako oinarri liberal batzuen nagusitasuna kolokan jartzen lagun dezake. Esaterako, botere bereizketa edo justiziaren aurreko berdintasuna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo