GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Antonio Campos Illarramendi Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko eta Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko lehendakari-ohia

Karmele Esnal oroituz

Karmele Esnal zendu den notizia jaso dut oraintxe bertan eta notizia horrek barrua nahastu dit. Nik neuk ikastolari urte eta ordu asko eskaini dizkiot, baina gaur ikastolen mugimendutik aldenduta nabil, gizartearen beste esparru batzuetan murgildu nahian. Baina Ikastolak ezin ahaztu, ezin ahaztu bizitako ordu zoragarriak, nahiz hainbat garratzak izan. Notiziak, bat-batean, irudi mordo bat ekarri ditu niregana. Eta irudi horietan Karmele ere han zegoen.

Ikastolen Mugimendua euskarari etorkizuna ziurtatzeko helburuarekin jaio zen. Euskarak eskola irabazi behar zuen. Helburu hori lortzeko, ordea, ez ziren abiatu orduan indarrean zegoen eskola eredutik, ezerezetik berri bat jarri zuten abian. Umeen heziketaren ardura nagusia gurasoena zen. Gurasoek ez zioten erantzukizun horri uko egin nahi. Irakasleak behar ziren gurasoen inguruan, baina ez langile moduan, baizik eta proiektuan parte zuzena hartuz, eta umeak gizarterako zirenez, gizarteak berak ere parte hartu behar zuen, edo udalak edo gobernua, edo...

Eskola berria abian jartzea gutxi batzuen eskuetan egon zen. Zenbat ordu, zenbat elkarrizketa, zenbat bilera, zenbat lan... Ezina ekinez egiten saiatu ziren horien artean, noski, Karmele... beti prest zernahirako. Irudiz gogorra ematen bazuen ere, izatez benetan hurrekoa baitzen.

Gaurko irakaskuntzak, irakasleak eta gurasoak nahiz eta gehiago behar dutela esan, asko daukate batzuei esker, zuten guztia eman baitzuten iritsi garen tokira iristeko.

Gaurko egoeratik oso zaila egiten da orduan izan zena irudikatzea. Euskara inongo baliorik gabe, prestigiorik gabe; irakasle euskaldun urri batzuk bazterretan; materialak, zeuden apurrak, erdaraz; irakaskuntza emateko baimenik ez, espazioak are gutxiago eta abar. Ez dugu ahaztu behar Franco bera bizirik zegoela.

Nik ez dut aipamen berezirik egin nahi Karmelez, bere baitan, biltzen zituen baloreez; bakarrik esango dut hasiera zail haietan Karmele izan zela buru nagusietako bat, Gipuzkoan batez ere. Gure aurrekoek zioten «zelako zura halako ezpala», bada ikusi besterik ez dago bere lanak zelako ondorioak ekarri dituen, Euskal Herrian sortu den mugimendurik garrantzitsuenetariko bat: Ikastolen Mugimendua.

Karmele, bene-benetan, bihotzez, hunkiturik, eskerrik asko egin duzun, duzuen guztiagatik... orain goza ezazu, zauden lekuan zaudela, bidelagun izan zenituen Zipitria, Karmele Alzueta eta besteekin. Guzti-guztiak miresgarriak, den-denak maitagarriak, eta ahal baduzu, erakuts iezaiezu gaurko irakasleei, gurasoei eta ikasleei sobera zenuten barne-indarraren, etorkizuna irabazteko zenuten grinaren iturburua, iturri zaharretik edaten duen urarena, etengabe berritzen denarena. Euskarak eskola irabazi baitu; ez, ostera, oraindik etorkizuna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo