GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sega Nazioarteko era

Euskaldunak lan bikaina eginda itzuli dira Alemaniatik

Beteranoen mailan Euskal Herria osatu duten segalariek lehen postua eskuratu zuten. Maila nagusian, berriz, hirugarren postuan amaitu zuten lehiaketa.

p045_f01.jpg

Jon LEUNDA

Euskal Herriko segalariak lan bikaina eginda itzuli dira Alemaniatik. Nazioarteko lehiaketa batean hartu dute parte eta, beteranoen mailan, txapela ere lortu dute. Sega handiarekin izan dituzte emaitzarik onenak, eta orokorrean lortutakoarekin eta emandako mailarekin oso gustura etxeratu dira.

Joakin Garmendia, Pabi Astondoa, Koldo Artzelus eta Anjel Maguregi izan dira txapela lortu duten segalariak. Gizonezkoetan ere lan bikaina egin zuten euskal ordezkariek, eta hirugarren postuan amaitu zuten. Igor Esnaola, Altzo, Bixente Mitxelena eta Juanmari Agirrezabala segalariek osatu zuten taldea. Arrate Garin, Irati Astondoa, Isabel Antsa eta Paula Xarron, izan ziren, berriz, emakumezkoen taldea osatu zutenak; hauek, aldiz, ezin izan zuten podiuma zapaldu.

Bestalde, Euskal Herriko Ligan parte hartu nahi duten segalariek bihar izango dute izena emateko azkeneko eguna, ekainaren 3an itxiko baitute epea. Hiru proba izango dira aurten ere. 16 urtez azpiko neskak eta mutilak izango dira, baita 23 urtez azpikoak ere, eta hortik aurrera nagusiak. Izena emateko, 615 74 34 11 telefono zenbakira deitu beharko dute edo almitzasega@yahoo.es helbide elektronikora idatzi.

Ligako lehen saioa ekainaren 17an jokatuko da Tolosan, 11.30ean. Bigarrena, berriz, ekainaren 23an izango da Etxalekun, 17.00etan, eta azken jardunaldia, berriz, Zaldibian jokatuko da uztailaren 22an, goizez, 11.30ean hasita.

Gipuzkoako Txapelketa

Gipuzkoako Emakumezkoen Txapelketa jokatuko da bihar, 12.00etatik aurrera Amasa-Billabonan. Bertan, Arrate Garin, Alatzne Etxaburua eta Igaro Balda neurtuko dira.

Segalari bakoitzak 20 minutuko saioa egin beharko du, eta kilo gehien ebaki eta pilatzen duenak irabaziko du txapela. Pisura erabakiko da txapelketa, baina segalariek txukun ebaki beharko dute belarra, bestela zigorra jaso dezakete segalariek.

Arrate Garin izango da txapela lortzeko faborito nagusia. Emakumezkoetan orain arte nazioarteko eran egin izan dira lehiaketak, baina hala ere Legorretakoak izango du hiruretan eskarmenturik handiena eta txapela lortzeko faboritoa izango da. Euria iragarrita dago gaur gauerako, eta iragarpenak betetzen baldin badira, belarrak pisu dezente izan dezake, bai behintzat behe-.behetik mozten baldin badute. Giroak laguntzen badu, jende asko izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo