GARA > Idatzia > Kultura

Lauaxetak eta eguzkiak babestuta, abiatu dira Literaturia jardunaldiak

Aurtengo Literaturiak duela 75 urte eraildako Estepan Urkiaga «Lauaxeta» omenduko du hainbat modutan: bart eskainitako «Ez zuten poeta fusilatu» ikuskizuna eta jardunaldiak iragartzeko afixa ditugu, besteak beste, horietako bi. Izan ere, atxilotu zutenean Lauaxetak jantzita zeraman gabardina -afixan agertzen dena- 40 urtez gordeta izan duten Txaber Errazti eta Edurne Olartikoetxearekin egindako solasaldia izan zen hasierako ekitaldia.

p050_f01_154x153.jpg

Alvaro HILARIO | LARRABETZU

Ostegunean izandako mahai-ingurua Literaturiaren egitarauko lehenengo ekitaldia izan bazen ere, ostiralak hartu zituen euskal letren inguruko jardunaldioi hasiera eman zieten ekimenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta ardatz zutela. Izan ere, antolatzaileek atzo aurkeztu zuten aurtengo afixak dakarren poetaren gabardina, 40 urtez gordeta izan duten Txaber Errazti eta Edurne Olartikoetxea bertan zeudela. Bederatzi musikarik eta hiru narratzailek taularatutako «Ez zuten poeta fusilatu» ikuskizunak eman zien amaiera atzoko jarduerei.

Gaur, Euskal Herriko irakurle taldeak, liburuen aurkezpenak, antzerkia eta musika ditugu protagonista, eta Larrabetzuko produktuekin prestatutako bazkariaz gozatzeko aukera ere izango da.

Gabardinaren historia

«Txikitatik ezagutzen nuen Lauaxeta. Berarekin eta mendigoizale talde handi batekin, urtero-urtero, joaten nintzen Aralarrera», esan zuen atzo Txaber Erraztik (1924), Lauaxetak fusilatu zutenean jantzita zeraman gabardina 40 urtez gordeta izan duenak. «Gaztea nintzen eta pertsonalki ezagutzen nuen Lauaxeta; hori bai, bere testuak nagusia nintzenean irakurtzen hasi nintzen. Gogoan daukat erabiltzen zuen euskara garbi-garbia». Izan ere, poetaren laguna izatetik datorkio jantziaren zaintzailea izatearena: «Gabardina zerutik jaitsia bailitzan erori zitzaidan. Txikitatik ezagutzen nuelako eman zidaten: bazekiten ondo gordeko nuela».

Txaberri eta bere emazte Edurne Olartikoetxeari Kontxa Azaolak eman zien gabardina.

Gernikako bonbardaketaren ostean atxilotu eta Gasteizera eroan zuten Estepan Urkiaga komandantea, hots, Lauaxeta poeta. 1937ko ekainaren 25ean, fusilatu zuten, Santa Isabel kanposantuan. Bertan, aita Estefania omen zegoen, seminarioan Lauaxetaren irakasle izan zena. Berak jaso zituen gabardina eta atxiloketa egunetan idatzitako azken poemak. Emakume Abertzale Batzako kide Kontxa Azaolari aita Estefaniak eman zion, antza.

Kontxak, aurrerago, Errazti-Olartikoetxea familiari utzi zion. Egun, 88 urte dituela, gabardina herriari emateko unea dela erabaki du.

Egitaraua

10.00etan irekiko dituzte liburu azokako saltokiak. Ordu berean, Anguleri jauregian, Euskal Herriko irakurle taldeen arteko mahai-inguru irekia izango da, 111 Akademiaren gidaritzapean: «Nork erakusten digu zer irakurri? Zeren arabera hautatzen ditugu liburuak?». Bilbo, Donostia, Iurreta, Segura, Meatzaldea, Estellerria, Basauri, Legazpi eta Larrabetzuko taldeek hartuko dute parte.

12.00etatik, Ibai Atutxa, Eduardo Apodaka, Harkaitz Zubiri, Josu Penades, Yoseba Peña, Fito Rodriguez eta Mitxelko Uranga beren liburu berriak aurkezten hasiko dira. Hor tartean, 13.00etan, EDO! argitaletxe berriari helduko zaio txanda. 12.00etan, umeentzako egitaraua dator, Literaturiatxua: izan ere, 18.00etan, «Lehiotik mundura» antzezlana izango dugu ikusgai Hori Bai elkartean.

Gurpide elkarteak antolatutako herri bazkaria 15.00etan izango da, eskoletan. Jakiak Larrabetzukoak izango dira.

Helduek ere izango dute antzerkia Kukubiltxo taldearen eskutik: «Xentimorik gabe»; 18.30etan, herriko plazan.

Horren ostean, musika ikuskizunak egongo dira. 20.30ean, plazan, Xabier Montoia egongo da. 23.00etan eta Hori Bai gaztetxean, ordea, Ezkerraldeko EH3 kolektiboaren emanaldia izango dugu: Koldo Izagirreren «Teilatuko lizarra» liburutik hartutako bost testu moldatu dituzte orotara rap musikariek.

Igandea

Igandea da jardunaldien azken eguna. Aurrekoetan bezala, mahai-ingurua eta liburu aurkezpenak izango dira, baita herri bazkaria ere.

Bazkalostean, Igor Elortza, Jon Maia eta Josu Goikoetxea plazan azalduko dira bertso-trama literario batean. Hori bukatutakoan, Hori Bai-k hartuko ditu poesia errezitaldiak: Iñigo Astiz, Ione Gorostarzu, Eric Dicharry, Jose Inazio Lasa eta presoen lanak jasotzen eta kaleratzen dituen Ataramiñe kolektiboa izango dira bertan.

Astirik galdu gabe, lekuz mugitu gabe, 20.30ean, «Mugaldekoak» emanaldia izango dugu 2012ko Literaturia jardunaldiei amaiera emateko.

Bestalde, liburu azokaren ordutegia honako hau da: 11.00etatik 14.30era eta 16.30etik 20.00etara, Euskal Herriko argitaletxeen eskutik.

«Lauaxeta: poeta ez zuten fusilatu»

Larrabetzuko Kukubiltxo antzerki taldeak prestatutako ongietorriaren ostean (beren azken antzezlanaren zatitxo bat, funtsean), herriko plazan ipinitako karpak musika, historia eta poesia uztartzen dituen «Lauaxeta: poeta ez zuten fusilatu» ordubeteko ikuskizuna hartu zuen bart. Edorta Jimenez eta Rafa Ruedaren koordinaziopean, hiru narratzaile (Ane Zabala, Goizalde Landabaso eta Jimenez bera) eta zortzi musikari (Anje Duhalde, Rafa Rueda, Xabi Strubell, Mikel Urdangarin, Txuma Murugarren, Francis Diez, Petti, eta Eñaut Elorrieta) aritu ziren.

Ikuskizunari gabardinaren historiarekin eman zioten hasiera, bideo batek eta agertokian zegoen gabardinak berak lagundurik. Txaber Erraztik Axel Gabaldonek, Ander Zarragak eta Edorta Jimenezek egindako bideo bati esker hartu zuen parte. Lauaxetaren poema bat irakurri zuten irudiak laguntzeko:

«Goiz eder onetan erail bear nabe/ txindor baten txintak gozotan naukela?».

Ikuskizunaren protagonista bakarra Estepan Urkiaga izan arren, taldekako lana izan zen agertokian ikusi zena. «Poeta ez zuten fusilatu» ikuskizunak Rafa Ruedaren beste proiektu batean dauka oinarria: Lauaxetaren jaiotzaren ehungarren urteurrenean musikari talde bat batu zuen, eta musikari bakoitzak Urkiagaren poema bat musikatu zuen. Goizalde Landabasok eta Edorta Jimenezek idatzitako testuek (gabardinaren inguruko poemak) lekua izan zuten, Ane Zabalaren laguntzaz. A.H.

TXABER ERRAZTI

Mendigoizale talde batean ezagutu zuten elkar Txaberrek eta Estepanek: «Gabardina zerutik jaitsia bailitzan erori zitzaidan. Txikitatik ezagutzen nuelako eman zidaten: bazekiten ondo gordeko nuela».

AURKEZPENAK

Ibai Atutxak, Eduardo Apodakak, Harkaitz Zubirik, Josu Penadesek, Yoseba Peñak, Fito Rodriguezek eta Mitxelko Urangak beren liburu berriak aurkeztuko dituzte gaur, 12.00etatik aurrera.

BAZKARIAK

Herri bazkariak 15.00etan izango dira, eskoletan, Txinpasmendi guraso elkarteak eta Gurpide elkarteak antolatuta. Jakiak Larrabetzukoak izango dira. Herri osoak hartzen du parte Literaturian.

EUSKARA

Amaia Ezpeldoiren bost nobeletan, euskararen tratamenduak bilakaera izan du: zubereraz hasi zen Itxaro Borda, Amikuzeko euskararen musika gatibatu nahi izan zuen gero (bere ama hizkuntza) eta euskara baturantz doa orain.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo