GARA > Idatzia > Kultura

«Egia» antzerkia eta «Marlboro gizona» ipuina atera dituzte Arrate Egañak eta Mikel Zubeldiak

Liburu-dendetan dira jada aurtengo Donostia Hiria Kutxa Saria irabazi duten ipuina eta antzerkia. Mikel Zubeldiaren lanean, Julene Azpeitian saritu zizkioten bertze bi istorio ere badira, nagusiaren osagarri.

p052_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

«Egia», izenburuak adierazten du zein den Arrate Egañak (Errenteria, 1963) Alberdaniarekin kaleratu duen antzerkiaren gaia. Egileak azaldu zuenez, sarri egia hipotetiko eta erraldoiek bertze printzipio batzuekin, gure desio eta egoerekin egiten dute talka, eta momentu bortitza izaten da hori. Une horretan daude obra honetako sei protagonistak, Adela, Mirelur, Lurdes, Joxan, Mila eta Elsa.

Beren terapeuta ohia ezagutzen dituen egia guztiak Interneten plazaratzen hasi delako elkartu dira seiak. Apenas ezagutzen dute elkar, hagitz desberdinak dira gainera, baina bat egin beharra dute euren bizitzako egiak sarean agertzea ekiditeko. «Oso kezkatuta daude, sekretu potoloak baitituzte: batzuek adar kontuak, eta besteek legalak ere bai (ume lapurtuen auziarekin loturak, hilketa bat). Oso larri daude eta irtenbide bat bilatzeko elkartu dira».

Adelak, 50 urte inguruko emakume handi eta indartsuak, antolatu du topaketa, bere urtebetetze egunean hain zuzen. Eta seiak elkartu diren etxearen ondoan, mozorro festa bat ospatzen ari dira. Adela bera erreginaz mozorrotuta dago, koroa eta guzti.

Idazleak adierazi zuenez, kontraste hori gustatzen zaio, etxe batean festa giroa, musika eta mozorroak egotea, eta ondokoan, ordea, drama.

Donostia Hiria Kutxa Sarien bertze irabazlearen ipuinak, Mikel Zubeldiaren «Marlboro gizona»-k, emakume margolari bat du protagonista. Egileak kontatu zuenez, emakume honek margotuz kanporatzen ditu bere ezintasunak, frustrazioak eta nahiak. Horregatik, hagitz gogorra egiten zaio pintatzea, baina aldi berean, askatzailea, mamu guztiak ateratzen dituelako. «Egun batean, Marlboro gizona ezagutuko du eta gurutzaketa gertatuko da, nork bere istorioak, zamak eta itzalak plazaratuko ditu».

Udal Zoologikoa eta Salomon

Inazio Mujika Alberdaniako editoreak jakinarazi zuenez, aurten lehendabiziko aldiz eskatu diete Kutxa sarikoei ipuin sarituarekin batera, liburu berean bertze bi ipuin kaleratzeko. Eta hala sartu dituzte, «Marlboro gizona»-ren osagarri modura, «Udal Zoologikoa» eta «Salomon Weingarten». Hauek ere Zubeldiarenak dira, Julene Azpeitia saria irabazitakoak.

Lehenengoak etengabe ihesean dabilen neska australiar baten gorabeherak kontatzen ditu. Udal zoologiko kaskar batean hasiko da lanean eta argazki zahar batzuk ikustean herriminak hartuko du. Salomon, aldiz, gaixo dagoen agure baten azkeneko bidaia da, bidaia onirikoa.

ZER PENTSA UTZI

Donostia Hiria Kutxa Saria irabazi duten bi lanek zer pentsa uzten dute irakurlea. «Egia»-n, egia hipotetiko eta erraldoiak pertsonaien desioekin egiten du talka, eta «Marlboro gizona»-n, protagonistak bere frustrazio eta nahiak azaleratzen ditu pinturaren bidez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo