Julen MURGOITIO
Gu orain naiz gara
Akabo euskalduntzen aritutako garaian ikasitako hainbat gauza! Oraindik ere gogoan daukat ikasle ginela gelako mahaiaren bueltan kantuka ibiltzen ginela euskarazko hau edo bestea finkatu nahian. Ni naiz, hi haiz, hura da, gu gara, zu zara, zuek zarete, haiek dira... behin eta berriz, jo eta ke. Eta zertarako? Euskal Herrian aro politiko berrian omen garela eta pikutara ikasitako hura! Hauxe kolpea! Subjektu berriek ez dute zerikusirik garai hartakoekin. Gaur-gaurkoz gu Naiz esaten da, eta ni Gara. Bestela esanda, gu orain naiz gara, ni oraindik gara naizen arren. Hau nahaspila! Baina ez bakarrik subjektuan, objektuan ere izan da aldaketarik, zeharkako objektuetan behintzat, zuzenek bere horretan diraute-eta. Hortaz, Ajuria Enea hartzeko bidean goaz orain, jakinda ere bide hori osagarria dela. Ajuria Ene-enea! Ausartak gero!
Tira, harira! Lehengo aditzak argiak ziren, iragankorrak edo iragangaitzak, eta kitto. Orain iraganezinak ere badira, izan; are gehiago, orain eta puntu! ere esaten da, lotsatu gabe. Lehen ergatiboa iragankorretan baino ez zen erabiltzen; aro berri honetan, ostera, denetan erabiltzen da, hiztunaren konpromisoaren seinale eta zantzu. Engaiamendua. Eta ohiko bihurtu zaigu nik gara edo guk naiz modukoak entzutea. Egia esan, lehen ere bagenituen bide honetan urratsak emanda, eta ez beti laku baten inguruan. Izan ere, orduko hartan ni Egin esaten genuen, nik Egin esateaz gain. Egin hartatik dator oraingo ekin. Ama, ama! zurea bai arrazoia, hamaika entzuteko eta ikusteko ginela esaten zenidanean! Bai ama, hamaika telebista ikusteko ginen, eta gara, edo naiz, zuk horren aukera bizi ez baduzu ere.
Bai, haiexek gomutak, euskaltegi hartako mahaiaren bueltakoak. Pentsatzekoa da gaurkoan euskaltegi gehiago izan arren, han-hemen, mahai gutxiago direla, han-hemen ere; ez kantatzekoak kasu honetan, berba egitekoak baizik. Hizkuntzalariek euskara batu behar izan zuten, eta, gerora, hiztunek dialekto guztiei beren esparruan merezi duten lekua onartu ere. Horretan aurrera goazela, erdararekin kontrako bidea egin dute gaztelerazko politikariek, hizkuntza horren gaurko hemengo dialektoak ez baitira lurraldeka sailkatzen, alderdika baizik. Hortaz, ez da harritzekoa. Horixe euskaldun ikasion abantaila, hizkuntza ikasteko egituratu behar izan dugu geure burua, subjektu eta objektutan...