GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Itziar Arratibel, Martxel Toledo | ESAITeko lehendakaria eta koordinatzailea

Nerea Abrego, errealitate maltzur baten isla

Ez da legezkoa Nereak asfaltoan irabazitakoa horrelako araudi putre baten erruz bulegoetan kentzea, are gutxiago horretarako baliozko argudiorik ez denean

Euskal Herrian jaio, bizi eta lan egiten duen neska gazte bat da Nerea Abrego. Aldi berean, kirolzalea ere bada, eta, besteak beste, lasterka egitea eta lehiatzea gustatzen zaio Nereari. Urte batzuk daramatza zeregin horretan, alde batetik bestera, korrika, lasterka, arnasa kontrolatuz bere buruari marka hobeagoak exijitzen, lehiatzen, finean, izerdi patsetan hor aurrean gozatzen. Ezin da esan Nerea lasterkari profesionala denik, alegia, horretatik bizi denik, ikerketa mundua delako bere eguneroko lanbidea, baina lehiaketa ezberdinetan podiumera igotzea askotan egokitu zaio. Eta orain gutxi Donostian korritu zen maratoi erdian ere, ongi bidean, Nereak podiumera igo beharko zukeen lehen euskaldunaren saria jasotzera, lehian sari hori berak irabazi zuelako, baina ez zen igo, antolatzaileek, nafarra izateagatik, ez zutelako euskalduntzat hartu.

Ez da lehengo aldia bazterketa hori ematen dela, Nereari gertatu zaiona, gurean, zoritxarrez, egunero ematen delako; alegia, horrelako bazterketak, beste hainbat eta hainbat kirol arlotan, egunero pairatzen ditugu. Euskadiko federazio gehienek, salbuespen gutxi batzuk kenduta, antolatzen dituzten txapelketa ofizialak horren isla baino ez dira; alegia, aipatu federazio horietako buruzagientzat, EAEko lizentzia duten kirolariak baino ez dira euskal kirolariak, besteak, Nafarroa Garaikoak edota Iparraldekoak ez baitituzte euskal kirolaritzat kontsideratzen. Hori da hori paradoxa; horrelakoetan, Estatutik edo nazioartetik etorrita EAEan kirol lizentzia izanez gero, euskal herritar gisa onartzen dituzte, aldiz, Nafarroa Garaiko edota Iparraldekoa den euskal herritar bati, Nerea bezala, baskongadetako lizentzia ez izateagatik asfaltoan bere izerdiarekin irabazitakoa kendu egiten diote. Ulergarria ote?

Donostiako maratoi erdia, lasterketa mailan antolatzen den kirol proba garrantzitsua da eta antolaketa eta kudeaketa enpresa pribatu batek egiten badu ere, Espainiako eta Gipuzkoako atletismo federakuntzen oniritziarekin egiten da. Zentzu horretan, lasterketa pribatua izan arren, neurri handi batean, ofiziala ere bada. Horrek plus bat eransten dio Nerearen kasuak berez duen larritasunari.

Euskal Herria zazpi herrialdek osatutako nazioa den heinean, horrelakoetan ezin gara besoak gurutzatuta gelditu. Zentzu horretan, Nerea Abregok egin duena txalogarria da, euskal herritar gisa pairatu duen eskubide urraketa hori, medioetan salatzeko balentria eta ausardia izan duelako, beste askok eta askok, horrelakoetan, arazorik ez izatearren, isilik egotea erabakitzen duten bitartean. Baina honetan ere, Nereak erakutsi du bere maila: bere kontzientziarekin koherentea izan da .

Euskal Herrian egoera normalizatu batean bizi nahi dugu, ez dugu inongo bazterketarik nahi. Nereari eta beste hainbesteri gertatutakoa ez dugu berriro errepikatzea nahi, Nerea, nafarra den heinean, euskal herritar ere badelako, eta, Gasteiz, Laudio, Gernika, Bilbo, Zarautz edo Donostian jaio edo bizi direnei dagozkien eskubide berdinak berari ere badagozkiolako. Zentzu horretan, lotsagarria eta salagarria iruditzen zaigu antolatzaileek egindakoa. Ez baita legezkoa Nereak asfaltoan irabazitakoa, horrelako araudi putre baten erruz, bulegoetan kentzea, are gutxiago horretarako baliozko argudiorik ez denean. Beraz, dei publikoa egiten diegu antolatzaileei egindako akatsa ahalik eta azkarren konpon dezaten eta Nereak bere izerdiarekin lasterketan irabazitako saria errekupera dezan. Besteak beste, nafar izatea, Nerearen kasuan bezala, euskal herritar izatea ere badelako. Animo Nerea, eutsi goiari!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo