GARA > Idatzia > Mundua

Ikerketa nuklearrerako egitasmoa bertan behera utzi du Myanmarko Gobernuak

p030_f01_148x108.jpg

GARA |

Hla Min teniente jeneral eta Myanmarko Defentsa ministroak atzo adierazi zuenez, Gobernuak ikerketa nuklearrerako egitasmoa bertan behera uztea erabaki du. Aipatu egitasmoa Ipar Koreak eskainitako teknologiari esker jarri zuen abian Naypidaweko Exekutiboak.

Bestelako irakurketak ere egin badaitezke ere, nazioarteko adituek jakinarazi dute aipatu egitasmoak oso fruitu eskasak eman dituela.

«Oso garbi esan dugu gure egitasmoaren helburua ez zela arma atomikoak ekoiztea, guk ez genuela inolako helburu militarrik -adierazi zuen Hla Min ministroak Singapurretik-. Ikerketa garatzea beste helbururik ez zuen egitasmoak». Singapurren zegoen agintaria, Shangri-Lako Elkarrizketa izeneko segurtasunari buruzko foroan esku hartzen.

Singapurreko bileran esku hartu dutenek nabarmendu dutenez, Myanmarko agintariaren hitzak oso argiak izan dira eta bat datoz herrialde horretan azken bolada honetan indartu dituzten irekitasunaren aldeko joerekin. Izan ere, Naypidaweko agintariak erregimen militar batetik gobernu mota demokratikoago batera igarotzea helburu duen prozesua aurrera ateratzeko buru-belarri ari omen dira lanean, eta egitasmo nuklearra bertan behera uzteko erabakia prozesu horren baitan kokatu beharko genuke.

Hla Min teniente jeneralak berak Singapurreko bileran onartu du Myanmarko Gobernuak harreman politikoak eta militarrak izan dituela Pyongyangekoarekin. «Baina gure irekitasun prozesuaren eta ekimen berrien eraginez, Ipar Korearekin genituen harremanak etetea erabaki dugu».

Bestalde, Myanmarko agintariak esan die kazetariei nazioarteko hedabideek puztu egin dituztela herrialdeko egitasmo nuklearrak lortu dituen fruituak. «Egia esan, ikerketa akademiko batzuk hastea baino ez genuen egin, eta Gobernu berriak erabaki du energia nuklearrarekin lotura duten jarduera guztiak bertan behera uztea. Gainera, ez dago aurreikusita horiek berriz abian jartzerik», erantsi du Hla Min teniente jeneralak.

Than Shwe jeneralak zuzendutako gobernu militarrak bi hamarkada egin zituen agintean Myanmarren, baina, iazko martxoan, Batasunerako eta Garapenerako Alderdiko kide egindako jeneral ohiek osatutako Exekutiboari utzi zion lekua, aipatu indar politikoak irabazi baitzituen 2010eko azaroan egindako hauteskundeak.

Min teniente jeneralak hitz egin aurretik Leon Panetta AEBetako Defentsa idazkariak izan zuen bere hitzaldia eskaintzeko aukera. Pentagonoko buruak Singapurren elkartu direnei esan zienez, estatubatuarrak Myanmarrekin arlo militarrean elkarlanean aritzeko prest daude, «prozesu demokratikoarekin eta giza eskubideen errespetuaren aldeko apustuarekin aurrera egiten jarraitzen badute».

Myanmarko agintarien jarrera berriaren ondorio da Aung San Suu Kyi oposizioko ekintzailea aske egotea. Egunotan Thailandian dabil. Atzo Mae Lako eremuan egon zen, bertara ihes egindako myanmartarrekin. Heroi moduan hartu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo