GARA > Idatzia > Euskal Herria

Naturaren egokitzapenari itxaron beharko, Asiako liztorra urritzen ikusteko

Udaberriarekin, Asiako liztorrak agertzen hasiak dira Lapurdin. Erleetan eragiten dituzten sarraskiak mugatzeko, erlezainek deialdia zabaldu diete herritarrei, baratze, terraza edo balkoietan zepoak jar ditzaten. Baina erlezain batzuk eta ikerlariak ez datoz bat horrekin.

p020_f01.jpg

p020_f02.jpg

p020_f03.jpg

p020_f04.jpg

Ainize BUTRON

Mezu elektronikoen bidez lekuko erlezainak etengabe aritu dira, azken asteotan, mezuak zabaltzen Asiako liztorren hedapena mugatzeko herritarrei zepoak jar ditzatela eskatuz. Zintzilikatzeko ontzi zulatuak dira, barnean garagardo beltza dutelarik. Liztorrak baizik ez dira sartzen zepo horietan, eta horrekin, Asiako liztor erreginak hiltzea da erlezainen xedea, udaberrian habiak egiteko beren zuloetatik ateratzen direlarik. Eskaera horri erantzunez, herriko etxe batzuetan, Arbonan esaterako, zepoak eskuragai jarri dituzte herritarrentzat. Lapurdiko kostaldea da liztor gehien aurkitzen den ingurua, eta erlezainen arabera, udan, horien habia bat aurki daiteke 400 metrotik 400 metrora. Hezetasunak eta beroak ditu erakartzen gehienbat liztorrak. Lapurdiko kostaldean bi faktore horiek uztartzen direlako dira liztor asko aurkitzen.

Erlezain elkarteek herritarrei deialdia zabaldu badiete ere, ez dute lanbide horretan diharduten guztiek bat egiten ekimenarekin, ezta liztorren bilakaera aztertzen duten ikerlariek ere. Peio Mentak berrogeita hamar bat erletxe zituen Baionan, eta iaz galdu egin zituen guztiak Asiako liztor horiengatik. Zepoak orokortzearen ideia Girondatik iritsi zen Euskal Herrira. Peio Menta azken lau urteotan liztor horren garapena begiratzen aritu da, eta haren ustez, naturari utzi behar zaio denbora inbasioari egokitzeko.

«Erlezain gisa erlauntzetan zepoak jartzea normala da, baina, orokortzen bada ingurumenarentzat kaltegarria izan liteke, zepoekin ez baitira soilik Asiako liztorrak harrapatzen. Tximeletak, lekuko liztorrak eta beste intsektuak ere hartzen dira», ohartarazi du. Asiako liztorraren garapena aztertu duten Pariseko Historia Naturalaren Museoko ikerlariek era bereko hausnarketa egiten dute.

«Zaila da jakitea zein eragin duten zepoek beste intsektuetan eta ingurumenean, baina kontrako eragina izan lezake liztorren aurkako borrokan bere lehiakide nagusiak desagerrarazten baititu», argitu du Quentin Rome Museomeko ikerlariak. Izan ere, Estatu frantseseko Lot-et-Garona eskualdean esperientzia egin zuten. Inguru bat zepoz bete zuten, eta beste batean ez zuten bat ere jarri. Lehen eremuan liztor horietako gehiago aurkitu zituzten. Ikerlarien esanetan, aurretik mota bereko intsektuekin esperientziak izan dira, eta hortik ondorioztatu dutenez, «zepoak ez dira eraginkorrak izan» populazio baten hedapena oztopatzeko.

Naturaren egokitzapenari dagokionez, gaur egun, erleek beren erlauntzetaraino iristen den Asiako liztorraren presentziarekin «asko sufritzen» dutela aitortu du Quentin Romek. «Liztorrak parean ikustearekin zainetan jartzen dira, eta horrek asko nekatzen ditu erleak eta hil egiten dira. Baina, behin ohitura harturik erlauntzen ahultzea gutxituko da. Epe luzeari begira, pentsa daiteke Asiako liztorraren populazioa asko txikituko dela odolkidetasun azkarra izango baitute eta eritasunei eta esterilitateari sentiberago izango direlako», esan du. Egokitzapen horren epea ez dute finkatu ikerlariek. Datorren urtean hasi, edo ehun urte barru gertatu daitekeela esan dute. Ahalik eta eraginkorra izateko, Asiako liztorren habiak uztailetik azarora bitartean suntsitzea gomendatzen dute.

Uztailean tokiz aldatu

Natura egokitu bitartean, erlezainak erlerik gabe geratzen ari dira. «Egoera biziki larria da. Banekien erle gehienak galduko nituela. Ez da sorpresa izan. Aktibitate hori bertan behera utzi behar izan dut», aitortu du Mentak. Halere, ez du pasio hori uzteko asmorik, eta jada, nola egokitu daitekeen aztertzen ari da. «Segituko dut. Erletxe handiagoak erosiko ditut erleek espazio gehiago eduki dezaten. Uztailean erlauntzak hartu eta beste leku batera eramango ditut», bukatu du.

Erleentzat kaltegarria den Cruiser OSR pestizida aurki debekatuko du Frantziak

Stephane Le Foll Frantziako laborantza ministro berriak olio-arbien hazietan Cruiser OSR pestizida erabiltzea hamabost egun barru debekatuko duela jakinarazi zuen ostiralean. Artoaren, ekilorearen edota olio-arbiaren hazkuntzan baliatzen da besteak beste, eta Ingalaterra eta Alemanian debekatuta dago. «Pestizida horrek duen thiametoxam substantziaren eraginez erleek ez dute erlauntza aurkitzen, eta, hala, galdu egiten dira. Ondorioz, erlauntzak ahuldu egiten dira», argitu du Peio Menta erlezainak. Asiako liztorra agertu aurretik, erlauntzen %30 hiltzen ziren pestizida horren eraginez. «Duela hamar urte nekazariak pestizida hori erabiltzen hasi zirenetik, usaian baino erlauntz gehiago galtzen hasi ginen», azaldu du Menak. Erlezain elkarteak pozik agertu dira erabakiarekin, baina ekilore eta artoan baliatzen den mota bereko pestizida ere debekatzea eskatu dute. A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo