GARA > Idatzia > Ekonomia

Sakanako herritarrak Altsasun bildu dira eskualdearen garapena bultzatzeko

Sakantzen sareak antolatuta, 85 lagun bildu ziren atzo Altsasuko Burunda frontoian, elkarlanean Sakanako garapen ekonomikoa indartzeko bideak urratu asmoz. Arloz arlo egitasmo ezberdinak landu zituzten eta datozen asteetan proiektuak garatzeari ekingo diote.

p027_f02.jpg

GARA |

Hilabete gutxi dira Sakantzen sarea sortu zenetik baina dagoeneko jarduera ugari antolatu ditu Sakanako eskualdean garapen ekonomiko jasangarria sustatzeko helburuarekin. Maiatzean zehar hitzaldi ezberdinak eskaini ostean, atzo lehenengo lan jardunaldia ospatu zuten Altsasuko Burunda frontoian. Bertan, 85 lagun bildu ziren eta antolatzaileek parte hartzaileen «ilusioa, motibazioa eta elkarrekintzan aritzeko nahia» nabarmendu zituzten.

Krisi ekonomikoak gogor kolpatu du Sakana, bertako industriaren gainbeherak langabeziaren igoera nabarmena ekarri duelarik eskutik. Egoeraren larritasunaz ohartuta, Sakantzen sarea sortu zuten herritarrek, euren ekimenez egoerari irtenbidea eman eta garapen jasangarrian oinarritutako jarduera ekonomikoak sustatu nahian.

Atzoko lan jardunaldian helburu horiek betetzeko lehen urratsak eman zituzten. Goizean, taldetan banatuta lan esparru ezberdinak definitu zituzten, hala nola, turismoa, multimedia komunikazioa, aholkularitza juridikoa, kirola, nekazaritza ekologikoa, energia berriztagarriak edota formakuntza. Behin esparruak finkatuta, egitasmo horiek aurrera eramateko bideak aztertu zituzten.

Sakanak dituen baliabide eta ezaugarriak barnebilduz eta horiei probetxua ateraz, eskualdean jarduera ekonomikoa indartzea da Sakantzen sarearen xede nagusia. Hurrengo asteetan, lantaldeek atzo definitutako proiektuak garatuko dituzte.

Manifestua

Bestalde, atzoko jardunaldian Sakanak pairatzen duen krisi ekonomikoari aurre egiteko hausnarketak biltzen dituen manifestua garatu zuten bildutakoek. Egoerari irtenbidea emateko aukerak badaudela da manifestu horren lehen ondorioa. Horretarako, beste eskualde batzuetako garapen esperientziak kontuan hartzearen garrantzia nabarmentzen du manifestuak.

Gizartea oinarri hartuta, elkartasuna eta kolektibitatea eskualdearen etorkizuneko proiektuaren funtsa izan behar direla ondorioztatu zuten Sakantzen sareko kideek. Horrela, krisi ekonomikoa eragin duen sistemaren inguruan hausnartu beharraz ohartarazi eta horren aurrean eredu propioa eraikitzeko beharra azpimarratu zuten, Sakanatik eta Sakanarako enplegua eta ongizatea bermatuko dituen eredu bat sortzea, alegia.

Esparruak

Atzoko lan jardunaldian lan esparru ezberdinak definitu zituzten eta datozen asteetan esparru bakoitzean egitasmo ezberdinak garatuko dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo