GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ola sagardotegiak irabazi du Gipuzkoako Foru Aldundiaren XI. Sagardo Lehiaketa

p022_f02.jpg

GARA | DONOSTIA

Irungo Ola sagardotegiak irabazi zuen atzo eguerdian Donostiako Euskal Gastronomia Elkartean jokatu zen Gipuzkoako Foru Aldundiaren XI. Sagardo Lehiaketako finala. Garaileak 71,3 puntu jaso zituen; bigarrenak, Donostiako Gartziategi sagardotegiak, 69 puntu lortu; eta, hirugarrenak, Hernaniko Itxasburu sagardotegiak, 68,5 puntu.

Aipaturiko hirurez gain, Hernaniko Altzueta eta Usurbileko Urdaira sagardotegiak heldu ziren finalera. Irabazleari dagokionez, atzo eskuratu zuena du lehen txapela, nahiz eta beste hiru aldiz ere iritsi den finalera. Horietako batean hirugarren saria lortu zuen.

Dagoeneko hamaikagarren ediziora heldu den txapelketa hau Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen du botilako sagardo garaia hasten denean, lurraldeko sagardo ekoizleen kalitatea saritzeko, eta honako bi xede hauek ditu: batetik, sagardogileen elaborazio lana baloratzea, eta, bestetik, botilaratutako sagardoaren kalitatea saritzea, bai ikuspegi organoleptikotik bai analitikotik begiratuta.

Aurtengo lehiaketan orotara 27 ekoizlek hartu dute parte. Horietako hiruk lehen aldiz egin dute; Lizartza, Tolosa eta Zeraingo hiru sagardogilek, hain zuzen ere. Orotara Gipuzkoako hamabost herri izan dira ordezkatuta txapelketan. Sagardotegi bakoitzeko laginak Fraisoroko laborategian aztertu dituzte, eta neurtutako hamabost parametroetatik hiru hartu dituzte aintzat: azidotasuna, estraktu lehorra eta metanola.

Atzoko finalean sagardoa dastatu zuten epaimahaikideak, besteak beste, Modesto Lasa Euskal Gastronomia Elkarteko kidea, Dani Corman sommelier-a, Xabier Kamio enologoa eta Cristina Goñi Hernaniko Tolarea sagardo kofradiako kidea izan ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo