GARA > Idatzia > Kultura

Inkisizioa ekarri dute gogora auzolanean egindako «Sua» filmean

Zortzi urte eta 700 parte hartzailetik gora behar izan ditu «Sua» filmak argia ikusteko. Pierre de Lancre buru zela, Lapurdin XVII. mendean izandako inkisizioa du oinarri istorioak eta Euskal Herriko zazpi herrialdeetan egin dituzte filmatze lanak. Eneko Aritzaren Lagunak elkartearen ekimenez sortutako pelikula da, auzolanean osatu dutena. Atzo egin zuten aurrestreinaldia Ozetan, eta Tolosan eta Algortan ere badituzte emanaldiak.

p052_f02_96x92.jpg

p050_f03_152x112.jpg

p050_f04_152x128.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Auzolana eta autogestioa izan ditu oinarri Eneko Aritzaren Lagunak elkartearen «Sua» proiektuak. Zortzi urteko lanaren ondoren, atzo estreinatu zuten azkenean eta jai ederra egin zuten gainera, Ozetako Otaza auzoan ospatutako «aurrestreinaldi jai akelarrean»: afaria, proiekzioa, kontzertuak...

Lapurdin inkisizioak egindako sarraskiak oinarrian dituen fikzio pelikula da «Sua». Izan ere, Pierre de Lancre inkisidoreak 600 pertsonatik gora torturatu, erre eta hil zituen; «500 ume ere epaitu zituzten», gogorarazi zuen Unai Igartuak, pelikularen sortzailetako batek. Irudi gogorrak biltzen ditu filmak -www.sua-filma.com atarian trailerra ikus daiteke-, orduko herritarrek bizi behar izan zutenaren erakusgarri.

Baina filmaren ezaugarri nagusia bere sortze prozesua izan da. Algorta, Ibarra eta Tolosaldeko lagun talde baten ekimenez jaio da «Sua»; zine munduarekin aurretik inongo loturarik gabeko jendea da gainera. Lehenago, 2002an, «Eneko Aritza (Orreagako guda)» film laburra egin zuten -«bideokamera zahar bat bakarrik genuen hasieran»- eta esperientzia hartan hartutako gozatuaren ondoren, Eneko Aritzaren Lagunak taldea sortu eta pelikula luzea egitera animatu ziren.

Aktoreak ere, herriz herri joan dira proiektura batzen. «Euskal Herriko zazpi lurraldeak igaro ditugu, filmatze lanei baino jendeak ongi pasatzeari garrantzi gehiago emanez», azaldu zuten, «700 pertsonatik gorak hartu du parte filmean eta seguruenik 1.000tik gertuago egongo gara. Egia esan ez gara ezer jende hau gabe, inolako baldintzarik gabeko laguntza eskaini baitigute».

2004. urtean hasi ziren gaiaren inguruko dokumentazioa biltzen, eta, gidoia sortu ondoren, 2005eko maiatzean ekin zioten filmatze lanei.

Azaldu zutenez, jendearen parte hartzea eta laguntza sekulakoak izan dira, bai aktore lanetan eta bai produkzioan ere. «Egia esan ez gara ezer jende hau gabe, inolako baldintzarik gabeko laguntza eskaini baitigute». Kamerak, esaterako, Donostiako Larrotxene kultur etxeak utzitakoak izan dira eta film laburrean egin zuten bezalaxe, jantziak eurek egin dituzte edo antzerki talderen batek utzi dizkie. Musika, berriz, Algortako Gibelurdinak taldeak egin die.

Autogestioa

Lan guztia autogestionatua izan da; jendeak emandako laguntzarekin eta dirua lortzeko antolatutako ekimen sortzaileekin egin dute aurrera. «Hala ere, zulo handia dugu ekonomikoki, eta hau estreinaldi ezberdinekin konpontzea da asmoa», azaldu zuten.

Azken bi urteak muntaketa lanetan pasa dituzte eta hemen igarri edo sufritu dute gehien esperientzia falta: «Lanik gogorrena da agian, gaizki egindako guztia hemen konpondu behar baita, eta ordu asko, asko, sartu behar baitira. Eta gogoratu hau aisialdi moduan hartzen dugula».

Muntaketa lanetan gainera ez dituzte grabatutako irudi guztiak eskuartean eduki. Izan ere, urte hauetan guztietan izandako gorabeheren adibide, pelikulako bi protagonista atxilotu egin zituzten eta momentuan grabatuta zituzten irudiak ere kendu egin zizkieten. Bi pertsona horiek absolbituta daude dagoeneko, baina irudiak ez dizkiete itzuli.

Hasiera batean hiru orduko filma atera zitzaien, baina, «ikusteko modukoa» izate aldera, ordu eta erdiko iraupena eman diote azkenean.

Atzoko jaiaren ondotik, emanaldi gehiago egitea da euren asmoa: «Algorta inguruko eta Tolosaldeko jende askok parte hartu duenez, bi leku horietan behintzat estreinaldi handia egin nahiko genuke. Eta gero, jendearen harreraren arabera herriz herri joango gara, zinemetan botatzen, kultur etxeetan, grabatu dugun herrietatik ere joan beharra dago...», aurreratu zuten. Dagoeneko badituzte datak: ekainaren 29an Tolosako Leidor zineman proiektatuko da, 20.00etan, eta, uztailaren 13an Algortan, 22.00etan. Egun berean Seguran ere izango da ikusteko aukera.

Deia ere egin dute, edozein herritan emanaldia egin nahi izanez gero, eurekin harremanetan jartzeko, info@sua-filma.com helbidearen bitartez.

Orreaga

Esan bezala, 2002an izan zuen lagun talde honek zinearekin lehenengo esperientzia, «Eneko Aritza (Orreagako guda)» film laburrarekin eta orduan ere, sekulako jende mordoa batu zitzaien proiektura. «Mundu guztiari eman genion filmean irteteko aukera», gogoratu zuten.

Bost asteburutan egin zituzten filmatze lanak eta estreinaldia Tolosako Leidor zineman egin zuten. Sarrera guztiak agortuta, 1.200 lagun bildu ziren bertan eta limusinan iritsi ziren 25 kide, guztiak ardi larruz jantzita; alfonbra gorria zapalduta sartu ziren aretora, noski.

ZORTZI URTE

2004. urtean hasi ziren dokumentazioa biltzen, eta 2005eko maiatzean filmatze lanetan. Lehenengo muntaketan hiru orduko filma atera zitzaien, baina ordu eta erdian utzi dute azkenean.

700 LAGUNETIK GORA

Azaldu dutenez, jendearen parte hartzea eta laguntza sekulakoak izan dira, bai aktore lanetan eta bai produkzioan ere. Guztira 700 pertsonatik gora izan dira parte hartu dutenak.

EMANALDIAK

Tolosan ekainaren 29an proiektatuko dute Leidorren eta uztailaren 13an Algortan egingo dute emanaldia. Interesatuek info@sua-filma.com helbidera idatz dezakete emanaldia antolatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo