GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

ELKARRIZKETA | Anaiz Funosas, Askatasuneko eleduna

«Haizeak preso eta iheslariak etxera ekartzearen alde jotzen du»

Hamarkada oso baten ibilbidea itxi berri du Askatasunak, eta emandako emaitzak nabarmentzen ditu Anaiz Funosasek elkarrizketa honetan, autokritikarako ere tartea eginez. Azken hitzak Askatasunako kide izateagatik espetxean diren lagunei zuzendu dizkie, bai eta gainerako preso eta iheslariei ere: «Esker ona eta animo guztiak helarazten dizkiegu. Haien lana eta ekarpena goraipatu nahi ditugu, bide honek utzitako lorpenetan beren lana oso garrantzitsua izan baita».

p004_f04.jpg

R.S. | BAIONA


Zergatik hartu du Askatasunak erabaki hau? Agertoki politiko berriaren ondorio zuzena eta ezinbestekoa al da?

Ezker abertzaleak aldebakartasunetik egindako urratsek Euskal Herriko panorama politikoa erabat astindu ondoren, Askatasunak ere bere papera errebisatzea derrigorrezkoa zuen lehenik eta behin. Hortik aurrera, agertoki berrian Askatasunaren helburuak eta funtzioak aztertu dira, testuinguru berriaren logikan. Izan ere, gatazkak eragindako kalteak eta ondorioak konponbidean jartzeko fase berrian gaude. Urteetan, erresistentzia eta erantzunaren ikuspegitik jorratu ditugun aferak, erresoluzio ikuspegi batetik eta indar metaketa handien bidez jorratzeko aldian gaude. Beti planteatu dugu errepresioaren aurrean konponbide politikoaren aldeko hautua, eta gaur, garai horretan gaudela pentsatzen dugu. Eta horrek guztiak gure lana burutzeko paisaia erabat aldatu du.

Urte hauetan guztietan antolakundean lan egin duen jende multzoak non egingo du lan hemendik aurrera?

Ez dugu irizpide kolektibo bat ezarri horretarako, ez baitugu inon `desenbarkurik' egiteko asmorik. Modu natural batean joan da jendea eremu desberdinetan bere konpromisoa eta ekarpena taxutzen, norberaren motibazio, interes eta konpromisoen arabera. Askatasunako kidegoaren balore garrantzitsua izan da elkartasuna. Injustizia egoera baten aurrean antolatu gara. Aurrerantzean ere, euskal gizarteko edo munduko arazoei loturik lanean jarraituko dugu, xume eta zintzo.

Herriraren sorrerari buruz, zein da Askatasunak egin duen balorazioa?

Pentsatzen dugu Herrirak oso ondo bideratu dituela egoera berriak sorturiko aukeraketak hasieratik asmatu duela jende askoren ilusio eta motibazioarekin konektatzen. Aurrerapauso bezala ulertzen dugu, hilabete gutxian erreferentzia handia hartzen ari da gizartean. Urtarrilaren 7ko manifestazioak mugarri bat ezarri zuen presoen aldeko borrokan. Lan asko dago egiteko oraindik, baina Herriraren sorrerak presoen inguruko konpromiso kolektibo bat osatzen lagunduko duela uste dugu. Bide honetan urratsak egitera animatzen ditugu Herrirako lagunak.

Zein balantze egiten du Askatasunak bere ibilbideaz? Zertan asmatu du eta zertan ezin izan ditu bere helburuak bete? Zeintzuk arrakastak eta, izatekotan, autokritikak?

Lehenik eta behin, esan nahi dugu Askatasunan lan handia egin duten militante asko kartzelan daudela eta haiek asko luketela honi buruz esateko. Gure ustez, Askatasunak urteetan egin duen lanak lorpen garbi batzuk utzi ditu: errepresioaren helburu politikoak agerian utzi dituen heinean eta preso zein iheslarien kolektiboen izaera politikoa nabarmendu duen heinean, gatazkak jatorri politikoa duela eta haren irtenbideak halakoxea behar duela ikustarazten lagundu du. Horren ondoan, estatuek arazoari irtenbide errepresibo eta poliziala emateko historikoki ezarri nahi izan duten egitasmoa indargabetu du, gaur agerikoa denez. Estatuen errepre- sioak eragindako ondorioak begibistako egin ditu, eta gaur da eguna, instituzio eta agintari asko, alde guztietako biktimez hitz egitera beharturik sentitzen direla. Estatuek mantentzen dituzten gehiegikeria, errepresio neurri eta salbuespen egoerei amaiera eman beharra gizartearen zati handi baten eskaerak dira. Azkenik, errepresioa jasan duenarekiko elkartasuna antolatu eta eskaini du Askatasunak, milaka euskal herritarren auzolanarekin. Izugarrizko giza-kapitala utzi dugu zentzu honetan, munduan inon gutxi aurkitu daiteke egun antzeko elkartasun sarerik.

Autokritikari dagokionez, argi dago hainbeste urteko bidea egin duen mugimendu batek ez duela beti asmatu. Kasu batzuetan gure funtzioetatik gehiegi urrundu garela esango nuke, gehiegitan erantzutera mugatu gara luzera begirako ikuspegiarekin lan egin gabe, mugimendu parte hartzaile bat izateko zailtasunak izan ditugu, ilegalizazio garaietan lanerako modu klandestinoan aritu gara kasik Hego Euskal Herrian. Ziur errepresioa jasan duten hainbat herritarrei beharrezko laguntza ematen ez dugula asmatu izan behin baino gehiagotan...

Errepresioak gogor jo du Askatasuna. Erabakiaren arrazoietako bat al da hau?

Esan genezake ez dela erabakiaren arrazoia izan, baina erabaki honetara eraman gaituen hausnarketan presente egon da, beste alderdi askoren artean.

2001tik hona ia dena aldatu da, baina espetxe politika ezer gutxi, eta mugitu izan bada, txarrerako. Nola eragin?

Haizeak preso eta iheslariak etxera ekartzearen alde jotzen duela esateko arrazoi asko daude: PP bakar-bakarrik dago beraz; herritarren artean gainera, alderdi politikoen artean ez dauden sentsibilitate berriak aurki daitezke; kartzela politika hau justifikatzeko erabili izan diren argudioak erortzen joan dira; nazioartetik egiten diren eskari eta gomendioak ere norabide berean doaz. Honek guztiak ez du esan nahi erronka irabazita dagoenik, erronkari erantzuteko aukera berriak eta oparoak direla baizik. Preso eta iheslariak gatazkaren parte eta ondorio dira, eta inor gutxik pentsa dezake bake egoera batean horren ondorioek indarrean jarraitu dezaketenik. 600 preso eta ehunka iheslari egotea ez da bake egoera batekin osagarria. Edonola ere, kartzeletako giltza gobernuen eskuetan dago eta haiek mugitzea derrigorrezkoa da erronka hau burura eramateko. Hortaz, presio handia egin beharko da, gehiengo indarrak erronka honetan inplikatuz eta gauza handiak eginez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo