Irati Kortabitarte Egiguren | Basque Research webgunearen arduraduna
Hamar urte ikerketa mundura zabaltzen
Elhuyar Fundazioaren Basque Research webgunea 2002. urtean jarri zen abian, Eusko Jaurlaritzaren 2001-2004 Zientzia eta Teknologia Planaren barruan. Zientzia eta teknologia hedatzea zen plan horren helburu estrategikoetako bat. Hain zuzen, esparru horretan, Elhuyar Fundazioak Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin jarri zuen martxan Interneteko webgune hori.
Euskal ikerketaren sarea indartzeko bokazioz jaio zen; ikerketa-agenteen arteko topagune gisa, elkarren berri emateko eta Euskal Herriko zein nazioarteko kazetariei zerbitzua emateko. Hain zuzen ere, Euskal Herriko ikerketa-agenteak eta Euskal Herriko zein nazioarteko kazetariak eta bisitariak dira webgunearen erabiltzaile nagusiak. Hala, unibertsitateetan ikerketa-taldeak, zentro teknologikoak eta enpresen I+G unitateak garatuz eta indartuz joan diren heinean, Basque Research webgunea ere haziz joan da.
Basque Research webgunearen hamar urteko ibilbidean, izugarri ugaldu dira zientzia- eta teknologia-eragileak. Estrategia argi bati jarraiki, unibertsitateetako ikerketa-taldeak, klusterrak, IK4 Aliantza Teknologikoa, Tecnalia Korporazio Teknologikoa, enpresen I+G unitateak, CIC (Centro de Investigación Cooperativa) eta BERC (Basque Excellence Research Centres) ikerketa-zentroak, ESTIA eta Izarbel teknopoloak, Bikaintasun Campus izendapenak eta Euskadiko Zientzia Sistema sendotzeko Eusko Jaurlaritzako Innobasque Agentzia eta Ikerbasque Fundazioa sortu dira, besteak beste. Euskal gizartean zientzia eta teknologiaren inguruko sarea osatuz joan ahala, webgunea ere sendotuz joan da. Azken finean, jarduera horren guztiaren isla da.
Basque Research webguneak hamar urte bete ditu Euskal Herrian egiten den ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren erakusleiho izaten. Hamar urte hauetan, 8.000 albiste eta ekitaldi bildu eta zabaldu ditu; ez bakarrik Euskal Herrian, baita mundu zabalean ere. Izan ere, ikerketa eta garapenerako sareak sortzea izan da Basque Researchen lehentasuna hasiera-hasieratik. Horretan, aipagarriak dira Europako ikerketa biltzen duen Alphagalileo webgunearekin eta Europako Batzordearen Cordis Wire webgunearekin dituen lankidetzak. Era berean, Basque Researchen argitaratutako albisteak Eurekalert! webgunean ere zabaltzen dira, 2004an sinatutako hitzarmen bati esker. «Science» aldizkari ospetsua editatzen duen taldearen webgunea da Eurekalert! Nazioarteko sare horrek ate berriak zabaltzen dizkie Euskal Herrian egiten den ikerketari, garapenari eta berrikuntzari. Sare horri esker, hamar urte hauetan, Euskal Herrian egiten den ikerketari buruzko albisteak komunikabide entzutetsu askotan agertu dira: «The Times», New Scientist, BBC, Discovery Channel, National Geographic, CNN...
Azken finean, Euskal Herrian egiten den ikerketaren garapenaren lekuko da Basque Research; baita gizartearen garapenaren lekuko ere, neurri batean. Izan ere, teknologia, osasuna, medikuntza eta ingurumena izan dira webguneak zabaldu dituen ikerketaren alorreko gai nagusiak. Hain justu, gai horiek nabarmendu ziren iaz Elhuyar Fundazioak egindako Euskal Herriko gazteen zientzia eta teknologiari buruzko pertzepzioa 2011 azterketan (Elhuyar Fundazioak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren eta Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedraren laguntzaz egin zuen azterketa). Azterketa horren arabera, gazteek nahikoa interes erakusten dute zientzia eta teknologiako gaietan, eta arlo hauek pizten dute arreta edo jakin-min handiena: informatika, teknologia, ingurumena eta osasuna.
Hain zuzen ere, ingurumen-arazoei aurre egiteko, energiaren auziari soluzioak bilatzeko, fabrikaziorako teknologia aurreratuak sortzeko edo adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko, besteak beste, ezinbestekoa da ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren (I+G+B) aldeko apustua egitea. Orain dela bi hamarkada, I+G+B gutxitan aipatzen zen komunikabideetan. Gaur egun berriz, arlo horiek indartzea behin eta berriz azpimarratzen da egunkarietan, irratietan eta telebistetan. Eta badirudi bide hori hartu dutela erakundeek ere. Horrenbestez, gaur egungo gizarteak ikerketa-munduan emandako aurrerapausoen jakitun eta bultzatzaile izan behar du. Alegia, gizarteak eta ikerketak elkarren beharra dute aurrera egingo badute. Izan ere, zientzia eta teknologiaren garapena, gizakientzat eta gizartearentzat hobekuntza-iturri bat izateaz gain, gizarte aurreratuen oinarrizko ezaugarri bat da. Horrenbestez, Basque Research webguneak luzaroan jarraitu nahi du Euskal Herrian egiten den I+G+Bren argazkia gizarteari eskaintzen. Betiere, orain arteko ibilbide emankorrari jarraituz eta etorkizuneko beharrei arrakastaz erantzunez.
Eusko Jaurlaritzak 2015eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Plana aurkeztu berri du. 2001-2004an hasitako bideari segida emanez, euskal gizartea ezagutzan eta berrikuntzan oinarritzen den gizarte bihurtzeko eta gizarte aurreratuenekin parekatzeko modukoa izateko apustua berritu du. Horretarako, ezinbestekoa da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean dauden agente guztien arteko lotura egoki bideratzea, sinergia guztiei probetxurik handiena ateratzeko eta eskura dauden baliabideak eraginkortasunez kudeatzeko. Lan horietan jarraituko du, hain zuzen ere, Basque Research webguneak, eragileen arteko lankidetzak sortzeko eremu bat eskainiz eta eduki horiek Euskal Herrian eta mundu zabalean gizarteratuz.