GARA > Idatzia > Kultura

Olaztin topatutako mosasaurioaren burezur zatia lehena da penintsulan

Paleontologiako aditu eta zaleak batu ziren atzo Oiartzungo Luberri Ikasgune Geologikoan. Itxuraz, ez zuten gorpuzki ikusgarririk aurkeztu, baina garrantzi handikoa bai: Parisko Historia Naturalaren Museoko Nathalie Bardetek nabarmendu zuenez, Urbasan aurkitutako mosasaurioaren garezur puska lehena da Iberiar Penintsulan.

p047_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Goi Kretazeoan, orain dela 80 milioi urte ia-ia Euskal Herri osoa estaltzen zuen itsasoan bizi izan zen eta orain Nafarroako Olazti aldean agertu den narrasti honen izena, mosasaurio, Maastrichteko Maas (Mosa latinez) ibaitik dator, bertatik hurbil topatu baitzituzten, XVIII. mendearen bigarren erdian, animaliaren lehendabiziko gorpuzkiak. Geroztik, Ameriketako Estatu Batuetan ere aurkitu dituzte gehiago, eta orain, hirugarren toki batean agertu da espeziea, Euskal Herrian.

Parisko Museum National d'Histoire Naturelle-n burezurra berreskuratze lanean aritu den Nathalie Bardet paleontologoak agertu zuenez, berarentzat garrantzitsuena da hagitz eskasak direla Iberiar Penintsulan mosasaurioen aztarnak, Portugalen eta Euskal Herrian orno batzuk eta hortz solteak aurkituak zituzten, baina aurreneko aldia da burezur zati bat deskubritzen dutena.

Kareharrizko kapen barruan

Luberrin gorde eta zainduko dituzten gorpuzki horiek orain dela zenbait urte topatu zituzten museo honetako eta Aranzadi Zientzia Elkarteko lagunek. Zehazki, Benjamin Botantzek jaso zuen, Urbasako kareharrizko kapa lodien azpian, harri baten barrenean, zientziarako hain baliagarria den pieza.

Berarekin zen Jose Angel Torres Luberriren sortzailea eta kontatu zuenez, beldurrez akabatzen egon zen zulo hartan sartuta, gora begira, mehatxuka ari zirela ziruditen arrakalei, lur-jausirik ez gertatzeko eskatuz. «Kasualitatea izanen zen lur-jausi bat gertatzea», argitu zuten lagunek. Botantzek adierazi zuenez, kasualitatea burezur puska hori aurkitzea izan zen. «Begira, hezur bat dagoela dirudi», komentatu zuten harria ikusita, eta hautsi zutenean, hezur bat atera zen.

Torresek erantsi zuenez, behin burezur zatia eskuan izanda, gorpuzki gehiago zegoen begiratu zuten (ez zuten deus gehiago ikusi) eta ondotik, adituekin jarri ziren harremanetan, datu gehiago jakiteko asmoz: zenbat milioi urteko pieza zen, zer fauna zegoen orduan, burezurraren zer zati den zehazki... Berreskuratze eta ikerketa fase honek zenbait urte iraun du eta Aranzadi, Luberri, Parisko museoa, Arabako Zientzia Naturalen Museoa eta Euskal Herriko Unibertsitatea aritu dira elkarlanean.

Ikerketaren emaitzak «Bulletin de la Société Géologique de France» aldizkari entzutetsuan kaleratu dituzte.

Zaleen papera paleontologian

Luberrin bildutako zale eta profesionalek solasaldi bizia izan zuten zaleen paperaz eta Estatuaren ondarearen legeak egiten dien mesede eskasaz (Nafarroan, mendiak begiratzeagatik soilik atestatua egin zietela kontatu zuten batzuek). «Paleontologia existitzen denetik, deskubrimendu handiak zaleek egin dituzte», azpimarratu zuten, baita hauek gabe ondarea higadurek hondatuko luketela ere. Lankidetza eta kontzientziazioa zientzia aberasteko bidea direla defendatu zuten.

LEGEA, TRABA

Luberrin bildutako zale eta profesionalak bat etorri ziren elkarlana defendatzean eta Espainiako ondasunaren legea horretarako traba gertatzen dela salatzean, zale ugarik paleontologoekin ez kolaboratzea ekartzen baitu, bertzeak bertze isunen beldurragatik.

Hamabost metrora iristen ziren narrasti erraldoiak

Mosasaurioak (Prognathodon cf. sectorius) gaur egungo baranoen (Varanus sp.) familiako itsas narrasti erraldoiak ziren. Goi Kretazeoan bizi izan ziren, duela 90-65 milioi urte, eta mundu osoan zabaldu, eta mota ezberdinak garatu ziren. 15 metroko luzerara ere iristen ziren animalia hauek, eta gorputz-adarrak igeriketarako egokituak zituzten, hegal handien moduan. Aitzineko adarrak handiagoak zituzten gibelekoak baino. Burezur handia zuten, baraila indartsuekin eta hortz zorrotz eta handiekin. Luzea eta fusiformea zuten gorputza, eta hegala ere bazen buztan sendo batekin bukatzen zen. Sakonera txikiko ozeano eta kostetan bizi ziren, amonite, arrain, dortoka eta narrasti txikiagoak janez.

M. I.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo