GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Jakin ala ez jakin

Ezertxo ere ez dakigun garai honetan (ez naiz Sokratesen esaldi famatuaz ari), bitxia begitandu zitzaidan atzo lagun baten mezuan irakurtzea nik emandako informazioa badakiela. Izan ere, aspaldion «jakin badakigu» modak nagusitzen direla. Eta ez dakigu ezer, dena «jakin badakigu» eta. Zenbait modaren menpe, ordea, sarritan nekez adierazten dugu ustez esaten duguna, edo esan nahi duguna.

Kontua da lagun horri mezu bat bidali niola, asteburuon Otxandioko jaiak direla esanez, eta berak honela erantzun zidan: «Bajakiat Otxandixoko auzo bateko jaixak dirala». Eta niri bitxia begitandu zitzaidan «bajakiat» irakurtzea, ez esan zidalako badakiela -bera Otxandio ondoko Oletakoa da eta-, baizik eta ohikoena modako «jakin bazakiat» idaztea delako.

Edonola ere, arrazoi du lagunak, Mekoleta, gaur jaietan dagoena, Otxandioko auzoa baita, eta gainera bertako jaiak uztailaren 18an ospatzen dituzte. Ez pentsa, baina, jai horiek harako «altxamendu nazionalaren» oroimenez ospatzen dituztenik. Motibo gutxi daukate otxandiarrek horretarako, Otxandio izan baitzen faxistek bonbardatu zuten lehen herria (1936ko uztailean, hain zuzen). Uztailaren 18a herriko zaindari Santa Marinaren eguna da. Hortixe bide dator kanta ezagunak dioen «Cuando vamos a Otxandiano/ Santa Maña egunian...». Egia esateko, horren ordez, «Andra Mari egunian» abestea oso zabalduta dago. Baita okerrago ere, «a pasar el Carnaval» esanda, beharbada Gasteizko pintoreek Atxuriko eta Amarako geltokiak pintatzen bukatutakoan abesten duten horrekin nahastuta: «Guía, guía maquinista/ a toda velocidad/ que la máquina del tren se va a parar.../ y nos vamos a Vitoria/ a pasar el Carnaval». Behin Oletako lagunari esan nion bertsio okerra kantatzen entzun izan diodala, eta arraroa begitandu zitzaidala: «Nola litekek hik, Oletakoa izanda, alboko herriko santa horren berri ez jakitea?».

Honenbeste digresioren ostean, ahaztu egin zait hizpide nuen gaia; beraz, nire lagunaren erantzuna ekarrita bukatuko dut Zorroztarri hau: «Jakin bajakiat, bai kantu horren letrie bai santa horren bizitza eta mirakuluek, baña jentiek horretara kantetan jok eta neuk be beste danen moduen egitten juat». Eta, atzera berriro, lagunak arrazoi; azken batean, moda batzuk geure egiten ditugu (jakinaren gainean nahiz ohartu gabe) eta beste batzuk ez. Eta batzuek, jakiteaz gainera -txarto samar abesten badute ere-, erakutsi egiten dute jardunean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo