Josebe Egia
Kezko gortinak
Zaila da, hainbeste suspertze, erreskate, Bankia eta ekonomiari buruzko itsaskian, sozialki zer suspertzen eta zer murrizten ari zaigun argitzea. Berri horiek guztiak arrotzak, arrotzegiak, egiten zaizkigu gehienoi, nahiz eta gero eta argiago ikusi berriok jasotzen dituztenak direla guztion etorkizuna bideratuko dutenak. Egoera ez dabil samur, ez horixe, eta badirudi politika munduan berriz heldu zaiola estrategia zaharrenetako bati, kezko gortinari, hain zuzen; edo metaforak alde batera utzita, arreta beste nonbaitera desbideratzeari; edo hitz adeitsuak alde batera utzita, jendea inuzentetzat hartzeari. Lau urte daramatzagu krisi amaigabean, denetarik gertatzen ari da lantokietan, etxeetan eta kaleetan; ezin ukatu krisiak denetariko eraginak izan dituela, ekonomikoak ez ezik, sozialak ere, mugimendu onik barne. Azkenaldian, baina, gauzak oso txarto omen daude, goikoak galduta dabiltza, moztu eta murriztu, eta jendea muga-mugan, irainduta eta gero eta nazkatuago. Beraz, kinka honetan, gobernuak politika-arteei heldu behar, besteak beste, mitikoenari, hots, kezko gortinari.
Horrenbestez, PPk euskal erbesteratuena asmatu du, «aro politiko berrian, gauzak behar bezala egiteko, herri hau uztera behartuak izan zirenek bozkatzeko eskubidea izan behar dute...» hasi eta istilua prest dago, orriak eta orriak beteta prentsan, eta, bitartean, bulegoetan, benetako garrantzizko gauzei helduta presio soziala aldi baterako, behintzat, ekidinda. Futbola ere zaldi irabazlea da horretan, betiko «ogi eta zirkua», orain Eurokoparen txanda da... udako erlaxazio orokorrari laguntzeko.
Apur bat adi egonez gero, prentsa «nagusiaz» gain beste informazio-iturri batzuei ere erreparatuz gero, bestelako kontuen berri ere izaten da, ekonomikoak bezain kezkagarriak, edo kezkagarriagoak. Ultraeskuineko taldeak nola ari diren indartzen erakusten dutenak, esaterako, munduaren mendebaldean; ekonomia salbatzeko neurrien artean, emakumeon lan-mundurako igarobidea edo bertan irautea kolokan jartzen dutenak, gobernuen ez-egite bidez, zuzeneko ekintza bitartez baino, hau da, berdintasun aukera bigarren mailako eginda; betiko arazoen trataera, prostituzioaren afera, kasu, kaleetatik ezkutatze aldera baino ez bideratuta, alegia, are ikusezinago bihurtzera, horren atzean sustatzen dena kontuan hartu barik, hau da, emakumeen esplotazioa, trafikoa, esklabotza sexuala, indarkeria librea; uda datorrela-eta iragarki eta kanpainek inoiz baino objektuago darabiltzatela emakumeak, inoiz baino sexualago agertzen dituztela, gizonezkoen barealdirako, bestelako grinarik eragiteko, ahaztarazteko... horrekin batera finkatzen ari den eredua, gazteei begira.
Ni neu, behintzat, kezkatuta nago, Europar Batasunaren aginduez harago, jendartean indartzen ari diren beste alderdi batzuek, hainbat lorpen sozial non geratzen ari diren ikusteak, herritarron jabetze mailak kezkatuta... eta, batik bat, areago emakume naizen aldetik, kezko gortinek beren funtzioa beteko ote duten kezkatuta, eta behin xahututa, boteretsu eta indartsu nortzuk atera diren kezkatuta.