GARA > Idatzia > Euskal Herria

Zaldibartik Senegalera, martxan da joan-etorriko harreman gazte bat

Zaldibarrek harremanak egin berri ditu Senegalekin. Lehenengo kontaktu baten ostean, Bourhor herri txikiko eskolara laguntza bidali dio Zaldibarko liburutegiak Udalaren laguntzarekin. Laguntza xume batetik abiatuta, elkartasunean sakondu nahi dute, eta han ikusi eta ikasitakoa zabaldu.

p021_f01-250x136.jpg

Nerea GOTI

Arkatzak, margoak, koadernoak, borragomak... botika batzuk eta arropa. Bidalketa xumea zen gure mundu honetan. Baina, Senegalen, Bourhor herrian, paketeak mundu bat zabaldu zien eskolako irakasle eta ikasleei. Bidalketa hura duela hilabeteak egin zuten, eta orduan sortu ziren harremanen ondorioz piztu zen elkartasun gogotik abiatuta, Zaldibarren bide horretatik jarraitu nahi dute, elkartasunean sakontzen, handinahiko asmorik gabe.

Adiskidetasun istorioa aurten abiatu da. Jabier Vidal Zaldibarko udal liburuzainak Senegalera egin zuen bidaia, eta han zegoela misiolari batzuekin harremanetan, herrixketan dauden premiak ikusteko aukera izan zuen. Begi aurrean aurkitutakoak piztu zuen laguntzeko asmoa. Vidalek berak eraman zuen paketea eta maisu-maistrari eman zien zuzenean, eskuetara. «Normalean herri horiei laguntzeko, arropa, medikamentuak, eta horrelako gauzak eramaten dira. Guk hori ere eraman genuen, baina eskolako arkatzak, boligrafoak, margoak, koadernoak eta borragomak eraman genituen batez ere. Pena izan zen frantsesezko liburuak ez edukitzea beraiei emateko», azaldu digu liburuzainak.

Hango errealitatea zuzenean ezagutu zuen. «Eskola batzuk egon ginen ikusten, eta nahiz eta denak nahiko pobreak izan, batzuek bazeukaten zeozer, beste GKE batzuek [gobernuz kanpoko erakundeak] lagunduta. Eskola honek [Bourhor-ekoak] oso gutxi zeukan, eta gainera, egoera bitxia zuen. Herritik kanpo zegoen, irakasle biak bikotekideak ziren eta eskola ondoan bizi ziren txabola txiki batean», azaldu du. «Ume txiki bat zeukaten eta amak berarekin eramaten zuen eskolara; gelan barruan sehaska bat zuten, eta umea hor lagatzen zuen eskola ematen zuten bitartean», gaineratu du.

Adin ezberdinetako umeak daude hango zentroan, 3-4 urtekoetatik hasi eta 10 urtera artekoak. Misiolariek lagundu zuten eskola sortzen eta zentroaren mantenua egiten dute. Bourhor oso herri txikia da, Thies herrialdean dago, Senegaleko mendebaldean, eta pobrezia tasa handia du. «Hango maisuarekin egon ginen hizketan eta eskolako egoera azaldu zigun», dio Vidalek. Nekazaritza da hango jarduera nagusia, baina uraren eskasia da euren traba nagusia. «Han ura da inportantea, eta ura ateratzea lortzen dutenean zeozer landatzeko aukera dute», argitu duenez. «Ura lortzeko putzuak egiten dituzte, baina horretarako dirua behar da eta batzuetan, behin putzua eginda ez dago ur askorik». Vidalek dioenez, Bourhor-en badute orain Euskal Herriaren berri. «Azaldu genien nondik gentozen, herri txiki batetik gentozela, liburutegi batean lan egiten nuela...», azaldu du. Orain, hurrengo bidalketa prestatzen ari da. «Misiolariek jakingo dute zein eskolak behar duen laguntza eta haien bidez egingo dugu», iragarri du.

Oraindik zehaztuta ez badago ere, erlijiosoekin kontaktuan jarraitzen dutela dio, eta «behin ikusita zer behar duten hemendik gauza batzuk aprobetxagarriak dira», beraren iritziz. Gauza erabilgarri horien artean umeen liburuak aipatu ditu, batez ere testurik gabekoak. Horrekin batera, beste material batzuk gehituz, beste bidalketa bat prestatzeko asmoa dute.

Hurrengoetan zaldibartarren laguntza eskatuko dute. Sortuko den paketea aurrekoa baino askoz handiagoa izatea espero dutenez, «pentsatuko dugu zelan eraman guztia», azaldu du Vidalek, aurrekoan pisuari lotutako mugak izan baitzituen bidaian.

Senegalen dagoen misiolari bat Ermura etorriko da laster. Bere bisitaren zain daude, hango premiak zeintzuk diren ikusteko eta horien araberako laguntza antolatzeko. Zaldibarren argi dute elkartasun proiektuekin jarraitu nahi dutela, eta esperientzia eskolara ere eraman daitekeela uste dute, baina lehenago irakasleekin hitz egin behar dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo