Sokatira | Lur Gainekoa
Euskal Herriko Txapelketa 640 kilokoan eskura geratu zaio Goiherri taldeari, bigarren jardunaldiaren ostean
J.L.
Goiherri taldeak irabazi zuen 640 kiloko bigarren jardunaldia, eta saio baten faltan, txapela lortzeko pauso handia eman zuen. Garbi ikusi zen lehia bigarren posturako izango dela.
Goiherri A-k aurkari guztiak menderatu zituen. Aldiz, joan den astean ez bezala, Mutriku sailkatu zen bigarren, Laukizen baino saio hobea burututa. Gaztedi A-ri bi tiraldiak irabazi zizkion, nagusitasunez. Gainera, Goiherri A-ren aurka galdu bazuten ere, gipuzkoarrek izerdia isurarazi zieten Erandiokoei, tiraldiko une batzuetan soka beren aldera eraman zutelarik. Mutrikuarrek Goiherri B eta Gaztedi B ere mendean hartu zituzten. Gaztedi A bere aldetik, Goierri B-ri eta Gaztedi B-ri nagusitu zitzaion, eta Goiherri B, Gaztedi B-ri gailendu zitzaion. Saioak bi ordu iraun zuen.
Puntuetan honela geratu zen bigarren jardunaldiko sailkapena: Goiherri A-k, 5 puntu; Mutrikuk, 4; Gaztedi A-k, 3; Goiherri B-k 2; eta Gaztedi B-k, 1. Bi jardunaldiren ostean, sailkapena honela geratzen da. Lehenengo Goiherri, 10 punturekin; bigarren Gaztedi A, 7 punturekin; hirugarren Mutriku, 6rekin; laugarren Goiherri B, 5ekin; eta azkena Gaztedi B taldea, 2 punturekin. Datorren astean ez da jardunaldirik izango, eta 640ko azkeneko saioa ekainaren 23an jokatuko dute Leioan.
Gallartan, berriz, harri-zulatzaileen Euskal Herriko Ligako laugarren jardunaldia jokatu zuten. Azkenean, garaipena herriko taldeak lortu zuen, 14 zulo eta 5 zentimetroko marka egin ostean. Bigarren posturako, berriz, sekulako borroka egon zen. Trapagaranek 12 zulo eta 6 zentimetro egin zituen. Hirugarren Kabiezes sailkatu zen, 12 zulo eta 12 zentimetro zulatuta. Epaileek zulo guztiak ongi neurtu bitarte ez zen erabaki bigarren postua.
Azkena KZ Kolpeka sailkatu zen, 4 zulo eta 12 zentimetro eginda. Sailkapen nagusian Gallartak jarraitzen du lehen postuan, 41 zulorekin. Bigarren Kabiezes doa, 35 zulorekin. Amaitzeko oraindik asko geratzen bada ere, Gallartak argi eta garbi utzi du txapela lortzeko faboritoa dela.