Oposizio errusiarraren aurkako polizia operazioa, gaurko protestaren bezperan
Oposizioko hamabi bat bururen etxeak miatu zituen atzo Polizia errusiarrak, eta horietako batzuk gaur deklaratzera deitu ditu. Maiatzaren 6an izandako istiluak leporatzen dizkiete. Mobilizazio eguna deitua dute gaurko, lehena Vladimir Putinek Gobernua hartu duenetik.
GARA |
Ostiralean, Errusiako presidente Vladimir Putinek, manifestazioetan istiluak egonez gero edo ezarritako baldintzak ez betez gero ordaindu beharreko isuna nabarmen igo zuen. Atzo, Poliziak oposizioko hamabi bat bururen etxeak miatu zituen. Horietako batzuk, gainera, gaur deklaratzea deitu ditu, Ikerketa Batzorde Federaleko bozeramaile batek aditzera eman zuenez.
Maiatzaren 6an, Moskuko Bolotnaja plazan egon ziren istiluak direla-eta miatu dituzte beraien etxeak. Egun horretan Putinen izendapenaren kontra protesta egiteko «Milioien martxa» lelopean egin zen mitina antolatzea eta bertan esku hartzea leporatzen diete.
Barne Ministerioaren arabera, 29 polizia zauritu ziren manifestarien kontra egitean. Fiskaltzak ikerketa kriminala zabaldu zuen orduan. Maiatzaren 28az geroztik oposizioko hamabi kide atxilotu dituzte, horietako gehienak gazteak. Igandean bertan bost atxilotu zituzten.
Atzo etxea miatu zietenen artean, Alexeis Navanly dago. Ustelkeria salatzen duen blogari ospetsua da Errusian. Pasa den abenduan Legebiltzarrerako hauteskundeetan izandako ustezko iruzurra salatzeko protestak antolatu zituen.
«Nire etxea miatzen ari dira orain. Sarrerako atea ia birrindu dute», idatzi zuen bere Twitterreko kontuan. Ekho Moskvy irratiaren arabera, ez zioten bere abokatuari sartzen utzi.
Ezkerreko Frontearen buru Sergei Oudaltsoven etxebizitza baita, Xenia Sobtchak telebista aurkezlearena eta Elkartasun Mugimenduaren buru Ilia Iachinerena ere miatu zituzten. Oudaltsoven abokatuari ere ez zioten miaketan egoten utzi.
Era berean, Boris Nemtsoven bizilekura joan zen Polizia, baina antza ez zegoen. Nemtsov Boris Jeltsinen Gobernuan lehen ministroordea izan zen.
Poliziakideek aurpegiak estalita izateaz gain, metrailetak eraman zituzten soinean. Hainbat ordu iraun zuen operazioa gaurko deituta dagoen «Milioien bigarren martxa»-rekin lotuta dagoela salatu zuen oposizioak. «Biharko [gaurko] protesta oztopatzea dute helburu. Ahalik eta pertsona gutxien joatea, muturreko parte-hartzaileak haserrarazi eta istiluak egotea nahi dute», esan zuen Lev Ponomariov ekintzaileak.
Mobilizazioa 12.00etan hasiko da eta 18.00etan bukatu beharko da. Parte-hartzaileen kopuruak 50.000tik beherakoa izan behar du, Putinek onarturiko lege berriaren arabera. Baldintza horiek, beste batzuen artean, betetzen ez badituzte, 25.000 eta 7.300 euro arteko isuna ezar diezaiekete antolatzaileei eta manifestariei, hurrenez hurren.
Putinek oposizioaren gaineko presioa areagotu du maiatzean Gobernua hartu zuenetik. Ekitaldi politikoak antolatzeko baldintzak eta isunak nabarmen gogortu ditu. Horrez gain, maiatzetik hona, oposizioko hamabi kide atxilotu dituzte eta zazpi urteko espetxe zigorra ezar diezaiekete.