GARA > Idatzia > Kultura

Atxagaren «Soinujolearen semea» taularatuko du Arriagak

Ekoizpen propioari eutsiko dio Bilboko Arriaga antzokiak denboraldi berrian. Atxagaren «Soinujolearen semea», Fausto Paravidinoren «Naturaleza muerta en una cuneta» edo Kukai eta Ttanttakaren «Komunikazio-inkomunikazioa» dira 2012-2013ko apustuak.

p047_f01.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Sorkuntzari ateak irekita jarraitzeko asmoa dauka Arriaga antzokiak, elkarlanean ekoizpenak egitekoa, alegia. «Ikuskizun garrantzitsuak ekartzen saiatu gara baina baita esportatzen ere. Uste dut Arriaga markak nortasuna ematen diola antzokiari eta bertan sortzen diren ikuskizunei», esan zuen atzo Emilio Sagik, bosgarren denboraldiz antzokiko zuzendari artistikoa izango denak. Horregatik, «garai zailak badira ere», datorren denboraldian obra liriko bat, dantza ikuskizun bat eta bi antzezlan ekoiztuko ditu antzokiak elkarlanean.

Bernardo Atxagaren «Soinujolearen semea» (Pamiela, 2003) nobelaren antzerkirako egokitzapena izango da horren adibide; izan ere, lehenengo aldiz, Arriagak, Gasteizko Principalek eta Donostiako Victoria Eugeniak bat egingo dute ekoizpen honetan, Tanttakarekin batera. Patxo Telleriak egin du moldaketa eta Fernando Bernuesek zuzenduko du. Urriaren 18an estreinatuko da, euskaraz eta gaztelaniaz, eta Iñaki Salvadorren musika eta Jose Ibarrolaren eszenografia izango ditu. Aktore lanetan, berriz, Aitor Beltran, Joseba Apaolaza, Iñaki Rikarte, Mireia Gabilondo eta Mikel Losada arituko dira, askoren artean.

Fausto Paravidino, moda-modako autorearen «Naturaleza muerta en una cuneta» antzerki lana, berriz, Adolfo Fernandezek zuzenduta eta antzeztuta iritsiko da. Fernandezen «19.30» obrak iaz izan zuen arrakastak bultzatu du Bilboko antzokia oraingoan, K Producciones konpainiarekin batera, thriller honen egokitzapena egitera, eta otsailaren 7an estreinatuko da.

Martxoaren 1ean eta 2an taularatuko da Arriaga, Kukai dantza taldearen eta Tanttakaren «Komunikazioa-Inkomunikazioa» ikuskizuna, «Mikel Laboarekin ikasi genuen jolas batean jolasten» jarraitzen duen sentipenetan oinarritutako lana. Dantzak eta antzerkiak bat egingo dute taula gainean Mireia Gabilondoren zuzendaritza eta Jon Mayaren koreografiarekin.

Ekoizpen propioen atala bukatzeko, Joseph Haydn «autore ahaztuaren» «Il mondo della luna» opera zuzenduko du Emilio Sagik berak, Monte-Carloko Operarekin batera osatu eta maiatzean estreinatuko den ikuskizun honetan.

Gustu guztietarako

Aipatutako emanaldiez gain, beste hainbat eta hainbat programatu dira. Aste Nagusian, esaterako, «My fair lady» musikala izango da ikuskizun nagusia, eta irailean iritsiko da Tricicleren «Bits». Aipatzekoak dira bestalde, Nuria Espert protagonista duen «La loba» antzezlana, Alejandro Jodorowsky artista polifazetikoaren «Kabaret mistikoa» edo «tailer kolektiboa», «Goenkale» telesail beteranoaren antzerkirako egokitzapena, Leon Tolstoiren «Guerra y paz», Jose Maria Pou kataluniarrak zuzendutako David Hareren «A cielo abierto», Ballets Olaetaren «M eme M» dantza ikuskizuna...

Hainbat kontzertu ere izango dira urritik aurrera, hala nola Ainhoa Arteta, Zenet, Montserrat Caballe, «Sortuko dira besteak» kantaldia, Mikel Urdangarin, Paco Ibañez, Umberto Tozzi eta Ismael Serrano, besteak beste.

Programazioa www.teatroarriaga.com atarian dago ikusgai eta uztailaren 4tik aurrera jarriko dituzte sarrerak salgai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo