GARA > Idatzia > Kultura

Joxemari Carrere | Ipuin kontalaria

Kontalaria.net

 

Sarean bilaketan ari eta hor non topatzen dudan orain dela bi urte kontalaritzaz Eusko Jaurlaritzak antolatutako ekimena. Kontalaria deitu zuten. Proposamena sinple bezain interesgarria zen. Herriz herri zebilen prestaturiko kamionetara nahi zuenak igo eta ipuin baten zatitxoa grabatuko zuen, azkenik parte hartutako guztien artean ipuin bat osatuz. Euskararen aldeko ekimena zen eta gaia era ludikoan eta parte hartzailean egiteko asmoz, ipuin kontaketa aukeratu zuten.

Berez ekimenaren helburu orokorra ez zen makala, alegia, Urgell kultur sailburuaren ahotan, «ipuinekin eta euskaraz gozamena eragitea lortu ahalko bagenu benetan izugarria litzateke». Dena dela, egitasmoa burutzean faltan ikusten nion, orduan bezala orain ere, urteetan Euskal Herriko geografia errekorritutako kontalarien lanarekiko begirunea.

Euskara eta ipuinak ahotan harturik milaka pertsonengana heldutako kontalariak aspaldian ari gara lan hori egiten. Eta hau litzateke akatsik nagusiena egitasmo horretan ere. Zergatik ez dira kontalari euskaldunak kontuan hartzen halakoetan? Badirudi kontalaritzaz mundu guztiak dakiela dena, edozeinek asma dezakeela ipuin kontaketarekin egindako zerbait.

Hainbat urtetan horretan dihardugunok badakigu zenbat kostatzen den gai horren gainean lan txukun bat egitea. Eta, zer irabazi du euskal kontalaritzak ekimen horrekin?

Milaka haur, gazte eta helduk entzun izan dituzte azken 30 urteetan ipuinak euskaraz euskal kontalarien ahotik. Hauek denak bai osatzen ari direla benetako «Kontalari» egitasmoa, kultur sailburuaren ahotan ez egon arren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo