Gotzon Elortza, esker ona merezi duen aitzindaria
Gotzon Elortza bilbotarra ez zen gizon ezagunegia bere herrian, ez behintzat euskal kultura berpizteko oinarria jarri zuten beste batzuk bezain ezaguna, baina beste edozeinek besteko aintzatespena merezi du, zalantzarik gabe. Egunotan euskal herritar askok haren obraren berri jakingo dute, herenegun gauean, 89 urte zituela, hil ostean. Elortza euskal zinemagintzaren aitzindari izan zen, eta euskarazko lehenbiziko ikus-entzunezkoak egin zituen. Haren lanak 50eko hamarkadaren bukaerakoak eta 60koaren hasierakoak dira; frankismo betean eginak, beraz, eta ez dago zinemagile ez historialari izan beharrik haren lanen garrantziaz jabetzeko, aitzindariak izateaz gainera, Hego Euskal Herriko orduko egoeran eta euskaraz eginak dira-eta. Baliabideak urri eta oztopoak ugari -Polizia espainolaren jazarpena eta are kartzela ere jasan behar izan zituen eta-, garai hartako lekukotasun baliotsua biltzea lortu zuen kamera atzetik. Gotzon Elortza eta bera bezala garai zailenetan euskal kultura berpiztu eta sustatzeko ezinbesteko lana egin zuten beste batzuk ez dira oso ezagunak, ezta haien lanak ere, baina beren herriaren esker ona merezi dute, isilean, eta trukean ezer eskatu gabe, euskal kulturaren benetako altxor xume baina balio handikoak utzi dituzte eta. Haiek izan zirelako dira-eta ondorengoak.