GARA > Idatzia > Kultura

GOTZON ELORTZA | EUSKARAZ egindako ZINEmAREN AINTZINDARIA

«Ona da lan hauek erakustea, lo dagoen herria pizteko»

2010eko ekainean Gaur 8 gehigarriak Gotzon Elortza elkarrizketatu zuen Getxoko etxean. Laguntzarik gabe egindako film sorta hark nekatuta, «itota», utzi zuen zinemagilea, baina, hala ere, ez zuen zalantzarik egiten lanak merezi izan zuela esatean.

 

 

Nola oroitzen duzu dokumentalak grabatu zenitueneko garaia?

Gaurko egoeran ezin da ulertu nola egin nituen dokumental hauek. Egin nituen lau film laburrak Frantzian normalak ziren, baina hemen ez. Hona grabatzera etorri eta «txakurreria» atzetik izaten nuen. Eta Euskal Herriak ez zuen ulertzen. «Hau artista da, utzi egin behar zaio», esaten zuten. Jendeak ez zuen ulertzen euskara ikus-entzunezkoetan ere egotea ezinbestekoa zela; nire zorakeria bat zela uste zuten.

Ez zenuen batere babesik izan orduan.

Ez nuen laguntasunik izan. Emazteak eta nik egin genuen dena. Kamera, mikroa... Gauza guztiak erosi behar ziren eta ez genuen inondik laguntzarik izan.

Eta nola moldatu zineten?

Borondate handiarekin egin genuen. Aitak esan zidan: «Umearekin egoteko ordu erdi bat ez badaukak, ez hadi etorri». Gelditu ere ez nintzen egiten etxean. Gero, hemendik Parisera joan eta han ere lana.

Orain, hainbertze urte pasata, zer sentitzen duzu bideo horiek ikustean?

Orduan pasatu genuenaz gogoratzen naiz. 45 urterekin Parisetik itzuli, hemen argazki denda bat zabaldu eta kartzelan eman nituen sei hilabete. Atera nintzenean, hamabost egunetik hamabost egunera Basurtura joan behar izaten nuen militarren aurrera.

Berriki omenaldia egin dizute Getxon. Zer moduz?

Ondo hartu nuen omenaldia. Horrelakoak egin behar dira herria pizteko, lo dagoelako. Jendeak ez daki euskal kultura zer den, gure ohiturak, gure abestiak zer diren... Frankismoan beldurra izan zen, asko. Hemen, Algortan, ehunka dira guraso euskaldun-euskaldunak; aldiz, seme-alabek ez dakite. Francok ze kalte egin zuen! Inork ez du ezer idazten Francok hau edo bestea egin zuela esanez. Postfrankismoan gaude oraindik. Ez zaio herriari egia esaten.

Maider IANTZI

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo