GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Garbiñe Petriati Ijurra | Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria

Hizkuntza-eskubideen urraketa betikotzeko beste lan eskaintza bat

Euskaraz jarduteko eskubidea badugu, zergatik ez dira eskubide hori aurrera eramateko baliabideak ezartzen?

Osakidetzaren lan eskaintza berriko azterketak egingo dira hurrengo asteburuan Barakaldoko BECen. 2.600 lanpostu aterako dira lehiara. Horietatik ia 2.300 behin-behinean beteta egon dira azken urteetan eta 320 baino ez dira lanpostu berriak izango.

Azterketa eredua aldatu egin da oraingo deialdian, Rafael Bengoak berak iragarri zuen bezalaxe, euskara jakitea «erabakigarria» ez izateko. Horrela, euskara- ri erabakitzeko ahalmena jaitsi egin zaio lanpostu-eskaintza publikoan. Ondorioz, euskara ez da lehen bezain erabakitzaile izango lanpostua lortze aldera. Osakidetza «azkarregi» euskalduntzen ari zela adierazi zuen sailburuak neurriaren berri eman zuenean. Erabaki horrekin mezu argi bat plazaratzen da gure ustez: euskara ez da garrantzitsua. Horrela, gaixo eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideen urraketari garrantzia kendu egiten zaio, non eta urterik urte Euskal Autonomia Erkidegoan salaketa gehien jaso duen osasun-zerbitzu publikoan: Osakidetzan.

2001eko abenduan abian jarri zuen «Euskararen telefonoa» zerbitzuaren bidez jasotzen ditu Behatokiak herritarren kexak. Horrela, Behatokiak herritarren deiak modu sistematiko batez biltzen ditu. Gero, kasu guztietan oinarriturik hizkuntza-eskubideen egoeraren diagnosia egiten du. Hortaz, herritarrek berek helarazitako esperientzietan oinarriturik, egoeraren inguruko argazkia eskaintzen dio euskal hizkuntza-komunitateari.

Argazki horretan sektoreen araberako irakurketa kualitatiboa eskaintzen bada ere, milaka kexa bideratu ditu Behatokiak bere 11 urteko ibilbidean, horietako askok eta askok, ehunka, osasun zerbitzuarekin izan dute zerikusia.

Horrela, Behatokia hamaika urtez ari da osasun-sisteman gertatzen diren diskriminazioak kudeatzen eta administrazio ezberdinei jakinarazten. Baita Osakidetzari ere. Horien aurrean beti esan izan digute normalizazio-prozesua mantsoa dela, progresibotasunez egin behar dela eta egun batetik bestera ezin direla gauzak aldatu. Bada, Osakidetzaren lan eskaintzak, berriro ere, herritarrei zerbitzua euskaraz emateko dituen ezintasunak areagotuko ditu.

Osakidetzako zerbitzuetan euskaldunok diskriminatuak izan ez gaitezen erabakia hartzeko aukera dagoen bakoitzean, agintariek beste aldera begiratu eta euskaldunok, urteak joan urteak etorri, osasun-zentroetan baztertuak eta hutsaren hurrengoak sentitzen segitzen dugu.

Administrazioekin euskaraz aritzeko eskubidea, zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea, funtsezko eskubidea da. Euskaraz jarduteko eskubidea badugu, zergatik ez dira eskubide hori aurrera eramateko baliabideak ezartzen? Hizkuntzarengatiko bereizkeria debekatuta badago, zergatik jasaten dugu bereizkeria euskaraz jardun nahi eta ezin dugunok? Legeak dioena betetzeko neurriak ez badira hartzen, aitortzak ez du ezertarako balio.

Urte beltzak izan dira Osakidetzan hizkuntza-eskubideen urraketei dagokienez, eta hala ere, ez da bitarteko egokirik jartzen herritarren oinarrizko eskubideen bermerako. Lan eskaintza berri honekin ateak zabalduko zaizkie, berriz ere, herritarren eskubideen urraketei. Berriro ere, herritarrei zerbitzua euskaraz emateko dituen ezintasunak areagotuko ditu. Osasun-zerbitzuak jasotzera joaten garen bakoitzean, gure herrian bertan atzerritar sentitzen jarraitu beharko dugu eta euskaraz bizi nahiaren ezintasuna sentiaraziko digute. Horrelako erabaki eta neurriekin, euskaldunen hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezen Osakidetzak ez du horren aldeko pausorik emango eta euskaldunen hizkuntza-eskubideek aurrera egin ezinik jarraituko dute. Euskaldunok irrikaz itxaroten ditugun aldaketak ez dira heltzen eta onartuak ditugun eskubideak ez dira benetan errespetatzen.

Hala ere, euskaldunak ahal duen guztietan euskaraz egiten du. Euskalduna, euskaraz bizitzeko nahiari heltzen zaio eta hori horrela izan dadin nahi du Behatokiak. Zeresanik ez, euren nahia egikaritzeko oztopoak izaten dituzten herritarren alboan izango da Behatokia, herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatuak izan arte, euskaraz bizitzeko nahia errealitate bihurtu arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo