GARA > Idatzia > Euskal Herria

EH jaietan | Igorre

Jaia osagai, tortilla eta bakailao gozoenak Igorren daude gaur

Igorreko jaiak probatu ez dituenak badu oraindik ekitaldi ugari domekara arte. Gaur, esaterako, parte-hartze handia espero da tortilla eta bakailao txapelketan. Sukaldari onek irabazteko aukera izango dute eta ehunka lagunek egun-pasa aparta egingo dute, jai giroa nagusi. Hortzikarak, Narko, Eskean eta Obrint Pas taldeak gonbidatu dituzte gaurko eta biharko kontzertuetarako, eta Izargiren eta Trikizioren eskutik etorriko dira erromeriak.

p020_f02_199x136.jpg

N. GOTI |

Igorreko jaiak azken txanpan sartu dira. Hiru egun geratzen dira aurretik, eta aukera ugari orain arte bezala, kalera irteteko eta behin jai-giroan sartuta, dena emateko. Gaur zartagin eta lapikoen artean dago koska.

Etxe askotan, seguruenik, tramankulu guztiak prest dituzte Olabarriko zirkuituan ahal denik eta erosoen aritzeko. Gaurko neurketa estua izaten da labexken inguruan, eta ez dago adin mugarik. Familian zein lagun taldean, ehunka lagunek parte hartu ohi dute txapelketa bietan, jai-giroan denak.

Gauzak horrela, labela erakutsi beharko dute sukaldariek eta ondoan izango dituzten jai-zaleek; eta ez osagaietan bakarrik. Goizean goiz hasiko dira muntaia lanak. Eguraldi iragarpenen arabera, eguzkitsua izango da gaurko eguna, beraz karpak ugarituko dira beste behin ere, eguzkitik babesteko.

Jai Batzordekoek nabarmendu dutenez, parte-hartze handia espero dute, ehun taldetik gora izan ohi baitira, gehi inguruan labexka batetik bestera ibiltzen direnak. Horregatik, norberak egokitu behar du txiringitoa, kozinatzeko eta ospatzen jarraitzeko, eta horrek antolakunzta eskatzen du.

Edozein modutan, 19.00etan ipini dute tortillak aurkezteko muga, eta 19.30ean bakailaoenak. Olabarrin bapo afalduta, kontzertuak dira egitarauaren hurrengo geltokia. Hortzikarak eta Narko taldeek joko dute txosnaguneko agertokian, 22.00etatik aurrera.

Soinu gogorren ostean, Izargi taldearen erromeriak lagunduko du gaueko ordu txikietara arte giroa mantentzen.

«Kanpanolue», txosnetan

Domekan, txirrindu gainean ibiliko da igorreztar asko, eta horietako batzuek bigarrenez antolatzen den mendi bizikleta lasterketa herrikoian emango dute izena. Ekitaldi horretarako ere parte hartzaile asko espero dute. Arrastian, pilota jaialdia izango da frontoian. Kalean, bitartean, taldeei lana eta gehienei barrea eragiten dien rally umoristikoa hasiko da txosnagunean. Proba honen zain badaude asko, beste urte batzuetan berandura arte ibili behar izan baitzuten batzuek. Bestalde, Igorre eta Garaiko igeriketa taldekoek lagun arteko lehiaketa egingo dute arrastian.

Hori bai, txikienek eta ez hain txikiek ezin dute 18.00etan hasiko den «Kanpanolue» ikuskizunera huts egin. Kolore biziak, betaurreko handiak, ileordeak eta martxa, martxa itzela, dakar Eidaberen proposamenak, dantzen eta jolasen bidez.

Azken-aurreko gaua iritsita, Eskean eta Obrint Pasen kontzertua izango da 22.00etan, eta Trikiziok joko du erromerian.

Domekan, beteranoak

Bestalde, Igorreko beteranoak domekako egitarauko protagonista izango dira. Bazkaria antolatu dute eurentzako, eta mus, tute eta briska txapelketa bazkalosterako. Baina gazteak ez dira atzean geratuko, eurentzat bereziki prestatutako olinpiaden probetan neurtu beharko dira arrastian.

Jaiei amaiera emateko, erritmo suabeak aukeratu dituzte Jai Batzordean. Arrastian, Jokaldi taldearen emanaldiaz gain, 19.30ean, bals lehiaketan parte hartzera deitu dituzte herritarrak, eta azkenik, txokolatea edanda, aurtengoz agur esan beharko diete jaiei igorreztarrek.

Animazioa pizten

Sortzen den giroari eta kale animazio apartari begira, gaurko tortilla eta bakailao txapelketak eta biharko umore rallya daude proposamen erakargarrienen artean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo